Gaur, urtarrilak 13, eta ostiralean, hilak 15, Ennio Morricone musikagile italiarrari omenaldia egingo diote Iruñeko Baluarten. Vanessa Garde zuzendariaren batutapean, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak historiako soinu banden sortzaile esanguratsuenaren hainbat obra eskainiko ditu.

Sarrerak agortu dira jada gaur, urtarrilak 13, Iruñeko Baluarten eskainiko duten Ennio Morriconeri omenaldia kontzerturako. Horregatik, ostiralean, hilak 15, errepikatuko dute saioa Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Vanessa Gardek gidatuta, italiarrak konposatutako hainbat soinu-banda izango dira entzungai 20:00etan hasita, eta sarrerak Baluarteko leihatilan ala webgunean eskura daitezke.

Zinemaren historiako soinu banda ezagun eta eder askoren sortzailea iragan uztailean zendu zen Erroman, bere sorterrian. 500dik gora film eta telebista saiotarako doinuak konposatu zituen sei hamarkadako ibilbidean, tartean, Novecento (Bernardo Bertolucci, 1976), The Mission (Roland Joffé, 1986), Cinema paradiso (Giuseppe Tornatore, 1988) eta Schindler’s List (Steven Spielberg, 1993) klasikoenak. 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadak bereziki emankorrak izan ziren bere ibilbidean, urtean dozenatik gora soinu-banda sortu baitzituen. Bere musikak irudiekin bat egiteko eta ikuslea hunkitzeko zuen gaitasunagatik, dozenaka sari eskuratu zituen etxean zein nazioartean, baita Ohorezko Oskar Saria ere 2006an. 2015ean, baina, Quentin Tarantinori The Hateful Eight laudaturako egindako enkargua izan zen zazpigarren arteari eskainitako ekarpenetan ia azkena.

Euskal Herrian ere izan genuen jeinuaren azken kontzertuez gozatzeko aukera, 2019ko maiatzean Barakaldoko BECen izan baitzen bere agur biraren lehen emanaldia eskaintzen.

0