Astean bitan izaten da Getxon areto komertzialetako eskaintzari muzin egin eta zineklubetara joateko aukera: ostegunetan Algortako Zinemabarri zineklubean, eta ostiraletan, Romokoan. Urtarrila amaitu bitarte, sei film programatu dituzte, tartean, First Reformed drama estatubatuar gogorra.

2018ko Donostia Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen Claire Denis frantziarraren High Life filmarekin hasi zuen 2021eko denboraldia Getxoko Algorta auzoko Zinemabarri zineklubak, eta datozen hiru asteetan ere Espainiatik eta Frantziatik heldutako hiru proiektu arrakastatsuei egingo diete lekua Muxikeberri zentroan. Emanaldiak ostegunetan izango dira, 18:00etan hasita, eta sarrerak 3,5 euroan eskura daitezke.

Aste honetan, hilak 14, Icíar Bollaínen La boda de Rosa komedia dramatiko berriaren txanda izango da, eta datorrenean Lucía Alemanyk 2019an aurkeztu zuen nerabezaroari eta familiari buruzko La innocència proiektatuko dute. Hilaren 28an, azkenik, gertaera errealetan oinarritutako autismoa aztergai duen Hors normes (Olivier Nakache eta Eric Toledano) komedia dramatiko hunkigarria izango da ikusgai.

 

Romo auzoko zineklubean, ostera, ostiraletan egingo dituzte emanaldiak, 18:00etan hasita eta prezio berean. Ostiral honetan, hain zuzen, Paul Schraderrek idatzi eta zuzendutako First Reformed film laudatua proiektatuko dute, gidoiagatik nabarmendu zen erlijioaren inguruan eraikitako lan estatubatuarra. Hong Sang-soo hegokorearraren Claire’s Camera komedia, ostera, hilaren 22an izango da ikusgai, eta AEBtako landa eremuan girotutako zaldien entrenatzaile bati buruzko The Rider dramak itxiko du urtarrileko emanaldi sorta.

 

Haurrei zuzendutako emanaldien zein gainerako saioen berri izateko, Getxoko Udalaren atarian duzue informazioa.

0