Euskadiko eta Nafarroako emakume zuzendari berrien film luzeen proiektuak tutorizatzeko eta laguntzeko Eusko Jaurlaritzak sustatutako eta Tabakalerak kudeatutako Noka Mentoring programak hirugarren deialdia zabaldu berri du, otsailaren 19ra arte.

“Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta laguntasun profesionala eskaintzen die parte hartzen duten zuzendariei beren filmen hasierako fasean, bai eta zuzendaritzari buruzko dosier ahalik eta sendoena egiteko orduan ere, parte hartzaileek zinematografia-arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, bai Eusko Jaurlaritzarenak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazioarteko industria zinematografikoaren foro profesionalenak”.

Halaxe azaldu dute gaur, urtarrilak 12, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendariak eta Victor Uriarte zinema eta ikus-entzunezko programaren arduradunak Noka Mentoring programaren hirugarren deialdiaren xehetasunak aurkezteko egindako agerraldian. Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta ondorioz, zinemaren eta ikus-entzunezkoen garapen-programetan eta Donostia Zinemaldiarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin osatutako sare instituzional eta profesionalean integratu du ekimena.

Deialdia gaur bertan, urtarrilak 12, zabaldu dute, eta proposamenak helarazteko epea otsailaren 19ra arte izango da zabalik. Euskadin ala Nafarroan jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luze bat garatzeko proiektua eskuartean duten emakumezko zuzendari berriei zuzentzen zaie deialdia, eta Maialen Beloki (SSIFF), Carlos Muguiro (EQZE) eta Lur Olaizola (Tabakalera) adituek osatutako epaimahaia arduratuko da jasotako proposamenen artean hiru aukeratzeaz.

Zuzendariok Tabakalerako ekosisteman integratuko dira, eta berau baliatu ahal izango dute proiektuak garatzeko. Izan ere, irailera arte luzatuko den programak lau modulu izango ditu, hala nola, zinemagilearen burua eta gorputza finkatzeko saioak martxoan, zuzendaritza-memoria idazteko gakoen lanketa maiatzera bitarte, filmen eraikuntzaren etapa eta urratsen azterketa ekainean, eta industriaren mapa eta foroak ezagutuko dituzte irailera bitarte. Sortzaileek Elena Lopez Rieraren, Mar Collen eta Celia Ricoren babesa izango dute prozesu osoan zehar. Ekimenaren helburuetako bat, gainera, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra zabalik izango den Ikusmira Berriak programaren deialdi berrira aurkezteko, proiektuak ahalik eta baldintza onenetan egotea izango da.

Deialdira aurkezteko PDF bakarra bidali beharko da noka@tabakalera.eus helbidera proiektuaren fitxa teknikoa, sinposia, eta egilearen asmo-gutuna, curriculuma eta filmografia zehaztuz, eta hautaketa batzordearekin partekatu nahi diren eta proiektua hobeto azaltzen lagundu dezaketen estekak, argazkiak, audioak, etab. gehitu daitezke. Era berean, zalantzak argitzeko Lur Olaizolarekin jar zaitezkete harremanetan 943 011 311 telefonoan (3038 luzapenean).

Deialdiaren ingurukoak zabaltzeko eta aurkeztu beharreko txostenaren xehetasunak zein programaren moduluak sakonako ezagutzeko, sartu Tabakaleraren webgunean.

0