Hiru dira Bergarako Seminarixoko zine-klubak urteko lehen hilerako programatutako filmak: 2020ko proposamen interesgarrienen artean ageri diren Martin Eden eta Dasatskisi (Beginning) dramak, batetik, eta zaharberrituta berrestreinatu den In the Mood For Love maitasun historio txinatarra. Saioak asteazkenetan egingo dituzte.
Bergarako Seminarixoan haur, gazte eta helduentzako zinema eskaintzen dute asteburuetan, baina asteazkenero zine-klubean programatutako filmez gozatzeko aukera izaten da, zirkuitu komertzialetatik at zabaltzen diren lanak jatorrizko bertsioan eskaintzen baitituzte hiru euroren truke. Osasun-neurriak tarteko, emanaldiak 18:30ean egingo dituzte, eta hiru izenburu eskainiko dituzte urtarrilean:
- Urtarrilaren 13an, Martin Eden (Pietro Marcello, 2019).
Nazioarteko dozena bat sari-banaketatan nabarmendu duten ikus-entzunezkoak Jack Londonen eleberria du oinarrian, eta Martin Eden izeneko marinelak klase altuko idazle bilakatzeko egingo dituen ahaleginak ditu aztergai. Luca Marinelli aktoreak gorpuztutako pertsonaiak ikusleen zein kritikaren babesa eskuratu ditu, jarraian Ixone Santamaria kritikariaren iruzkina.
- Urtarrilaren 20an, Dasatskisi (Beginning, Dea Kulumbegashvili, 2020).
Zinemagile georgiarraren lan berrienak Toronton izan zuen mundu mailako estreinaldia, eta Donostia Zinemaldiko garaile nagusia izan zen, Urrezko eta Zilarrezko Maskorrak ez ezik, gidoi onenaren eta aktore onenaren (Ia Sukhitashvili) garaikurrak ere erdietsi baitzituen. Talde erradikal batek Jehovaren testigu talde bati egindako erasoa du abiapuntuan. Jarraian Ixone Santamaria kritikariaren iruzkina.
- Urtarrialren 27an, In the Mood For Love (Wong Kar-Wai, 2000).
60ko hamarkadako Txinan girotutako drama erromantikoak hogei urte bete dituen honetan, zinemagilearen klasikoa zaharberrituta estreinatu dute nazioarteko aretoetan. Zinemagilearen trilogiaren bigarren atala da, eta egunkari bateko erredaktore-buruaren eta esportazio enpresa bateko idazkariaren arteko maitasun harremana du hizpide. Jarraian Ixone Santamaria kritikariaren iruzkina.