Urtarrilaren 18tik 24ra egitekoak ziren Miarritzeko FIPADOC Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiaren aurtengo edizioa, baina Covid19aren pandemiari aurre egiteko hartutako osasun-neurri bereziak tarteko, ekimena martxora atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. Industriako profesionalei zuzendutako saioak, ostera, urtarrilaren 18tik 22ra egingo dituzte, iragarri bezala, online.

Ikus-entzunezko edukiei lotuta Miarritzen egiten zuten FIPA jaialdiak norabide berri bat hartu zuen 2018an, eta dokumentalen generora mugatu zuen bere lan eremua FIPADOC izendapena eskuratuta. Hirugarren edizioa urtarrilaren 18tik 24ra egiteko asmoa zuten, baina osasun-krisiari aurre egiteko segurtasun-neurrien eraginez, antolatzaileek jaialdia martxora atzeratzea erabaki dute asteburuan. Hala, dena ondo bidean, martxoaren 10etik 14ra egingo dituzte aurtengo proiekzioak.

Anne Georget FIPADOCen zuzendariak adierazi duenez, halaber, Miarritzeko Udalarekin elkarlanean ari dira egoera luzatuko balitz, bigarren aukera bat eskaini ahal izateko. Kasu honetan, apirilean izango litzateke.

Ikuslego orokorrari zuzendutako proiekzioez eta topaketez gain, dena den, industriarentzako bereziki atondutako jardunaldiak ere eskaintzen ditu jaialdiak. Edizio honi lotutako 70 saioak, baina, festibalaren webgunearen bidez modu digitalean egiteko erabakia hartu zuten ekimenaren arduradunek, eta honenbestez, jaialdia bera martxora atzeratu arren, profesionalei lotutako saioak urtarrilaren 18tik 22ra egingo dituzte, iragarri bezala.