Ute Von Münchow-Pohl zinemagile alemaniarraren animaziozko proposamen berriena ostiralean, urtarrilak 15, helduko da aretoetara, eta Zinema Euskaraz programaren bidez, euskaraz izango da ikusgai Hego Euskal Herriko hainbat aretotan. 200 urtez lur azpian bizi i zan diren elfkinak ditu protagonista.
2021ean Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez euskaraz estreinatuko duten lehen filma izango da Elfkinak. Iazkoan, osasun-krisia tarteko, zortzi izan ziren programaren bidez eskaini zituzten haurrentzako ikus-entzunezkoak, ohi baino gutxiago, Zineuskadik dozena bat lan bikoizten baititu urtero aretoetako euskarazko estreinaldia bermatzeko.
Urtarrilaren 15etik aurrera, besteak beste, Donostiako Principe zinemetan, Bilboko Golem Alhondigan, Gasteizko Gorbeian, Errenteriako Niessenen eta Durangoko Zugaza zinemetan izango da ikusgai, eta EiTBren 3Klubeko kideek filma ikusteko sarrerak irabazi ahal izango dituzte, hamar sarrera bikoitz zozkatuko baitituzte.
Filmeko protagonistak lur azpian bizi diren elfkinak dira. 200 urtetik gora daramatzate lurrazaleko mundutik ezkutatuta eta gizakiekin inolako harremanik izan gabe. Baina Elfie, Kipp eta Buck abenturazaleek lurrazalera igotzea erabakiko dute, eta Teo gozobilearen lagun egingo da Elfie txikia. Erretxin samarra da Teo, baina elfikinen laguntzarekin, beren bizitzako helburu nagusia zein den gogoratuko du: besteei laguntzea!
Iazkoan, osasun-krisia tarteko, zortzi izan ziren Hego Euskal Herriko aretoetan euskaraz estreinatu zituzten haurrentzako ikus-entzunezkoak, ohi baino gutxiago. Izan ere, Zineuskadiren Zinema Euskaraz programak dozena bat lan bikoizten ditu urtero zinemetako estreinaldia euskaraz izan dadin bermatzeko.