Pedro Almodóvarren La voz humana eta Gaspar Noéren Luz Aeterna film laburrekin emango dio hasiera Errenteriako Ozzinema Zineklubak 2021eko denboraldiari. Hilaren 12an egingo dute emanaldia, 19:00etan hasita, eta bi sortzaileren filmak saio berean eskaintzen dituzten lehen aldia izango da.
Bi proposamen oso ezberdin, berritzaile eta iradokitzaile izango dira ikusgai Errenteriako Niessen zinemetan urtarrilaren 12an, asteartea, urteko lehen emanaldian. Apustu interesgarria egingo dute antolatzaileek, Pedro Almodóvarren eta Gaspar Noéren zinematografiaren lagin bana eskainiko baitituzte emanaldi bikoitzean.
Almodóvarren berriena Veneziako zinema jaialdian izan zen ikusgai iragan irailean, eta Jean Cocteauren lanean oinarrituta dago. 27 minutuko ikus-entzunezkoan Tilda Swinton aktoreak antzeztutako emakumea ikusiko dugu bere maitale ohiaren maleten ondoan zain, hura noiz etorriko. Hark utzitako zakur urduria ere bertan izango da. Hiru egunez luzatuko da itxaronaldia, eta behin bakarrik irtengo da kalera, aizkora bat eta gasolina lata bat erostera. Proposamenak kritikaren eta ikusleen babesa izan zituen, eta sortzailearen ibilbidearen laburpen gisa deskribatu dute adituek.
Bigarrena Lux Aeterna izango da, Noé frantziarrak 2019an Cannesen aurkeztu zuen 51 minutuko lana. Beatrice Dallek zuzendutako lehen filmaren errodajearen kaosa izango du hizpide, Charlotte Gainsbourg aktorea protagonista. Hiru lerro eskaseko gidoia du, eta zinemagilearengan ohikoak diren nagusitasun formala eta inprobisazioa nabarmenak dira. Era berean, ikuslearengan deserosotasuna eragiteko asmoa du.
Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrerak Niessen Kulturgunean izango dira eskuragai. Zenbakituak izango dira, eta segurtasun-jarraibideak errespetatuz, aretoaren edukiera murriztuta egongo da.