Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Centerrek eta Donostia Zinemaldiak 2021eko lehen hiruhilekoa hartuko duen Zinema eta Zientzia zikloaren edizio berria aurkeztu dute gaur, urtarrilak 7, Tabakaleran egin duten agerraldian. Hamar film proiektatuko dituzte, eta saioen ostean izen handiko zientzialariek azalpenak eta solasaldia eskainiko dituzte.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Ricardo Diez Muiño Donostia International Physics Centerreko zuzendariak, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak agerraldia egin dute gaur Tabakaleran Zinema eta Zientzia zikloaren edizio berria aurkezteko, eta bihar bertan, urtarrilak 8, egingo dute lehen emanaldia Pedro Miguel Etxenike fisikariaren eskutik Donostiako Tabakaleran. Srinivasa Ramunajan matematekari indiarra ardatz duen The Man Who Knew Infinity filma izango da ikusgai 18:00etatik aurrera, eta larunbatean, hilak 9, Bilboko Arte Ederren Museoan eskainiko dute. Izan ere, bi egoitza egonkor izango ditu zikloak Donostian eta Bilbon, eta Donibane Lohizuneko Le Select zinema aretoan hiru emanaldi egingo dituzte.

Zikloaren antolatzaileen hitzetan, 2021eko ekimena inoiz baino beharrezkoagoa izango da, kultura zientifikoa ezinbestekoa delako ondo oinarritutako erabakiak hartzeko, eta kultura zinematografikoak munduaren edertasunaren oinordeko egiten gaituelako.

Hamar proposamen bilduko ditu, beraz, Zinema eta Zientzia zikloaren 4. edizioak:

  • Urtarrilaren 8an Donostian eta 9an Bilbon, The Man Who Knew Infinity (Matt Brown, 2015), Pedro Miguel Etxenike fisikariarekin.
  • Urtarrilaren 22an Donostian eta 23an Bilbon, II. Mundu Gerran girotutako Alan Turing matematikari ingelesari buruzko The Imitation Game (Morten Tyldum, 2015) filma, Aitzol García Etxarri fisikariarekin.
  • Urtarrilaren 28an Donostian eta 30ean Bilbon, The Savage Innocents (Micholas Ray, 1960) proposamen klasikoa, Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoarekin.
  • Otsailaren 4an Donostian eta 6an Bilbon, Viskningar och rop (Ingmar Bergman, 1972), María Muñoz Caffarel biokimikariaren laguntzarekin.
  • Otsailaren 11n Donostian eta 13an Bilbon, Contagion (Steven Soderbergh, 2011) pandemiaren gaia aztergai duen proposamena, Itziar Pérez Irazusta sendagilearekin.
  • Otsailaren 19an Donostian eta 20an Bilbon, Johnny Got His Gun (Dalton Trumbo, 1973), Javier Aizpurua fisikariarekin.
  • Martxoaren 5ean Donostian eta 6an Bilbon, Fritz Lang zinemagilearen 1931ko Frau im Mond mutua, Covid19aren pandemia tarteko, iazko ziklotik atzeratu eta aurten berreskuratuko dutena. Javier Perez de Azpeitia piano-joleak zuzenean girotuko du saioa, eta Ane Sarasola fisikariak hartuko du parte aurkezpenean eta solasaldian.
  • Martxoaren 12an Donostian eta 13an Bilbon, Madame Curie kimikariaren historia jasotzen duen Madame Curie. Radioactive (Marjane Satrapi, 2020) lan berria, Maia García Vergniory fisikariarekin.
  • Martxoaren 19an Donostian eta 20an Bilbon, The Andromeda Strain (Robert Wise, 1971), Fernando Cossío kimikariaren parte hartzearekin.
  • Martxoaren 25ean Donostian eta 27an Bilbon, The Miracle Worker (Arthur Penn, 1962) proposamen klasikoa, Xurxo Mariño neurofisiologoarekin.

Osasun-arrazoiengatik ezarritako murrizketak tarteko, saio guztiak 18:00etan izango dira, Frau im Mond filmaren emanaldi musikatua izan ezik, 17:00etan izango baita. Sarrerak 3,5 euroren truke eskura daitezke Bilboko Arte Ederren Museoko edo Tabakalerako leihatilan ala webguneetan. Ekimenaren inguruko xehetasun gehiago, egutegi osoa zein hiruhilekoak hartuko dituen emanaldi bereziak, Filmategiaren atarian topatuko dituzue.