Ekain Albite zumaiarraren Haizearen egia laburrak aurkezpen biran darrai, eta ostiralean, urtarrilak 8, filmaren emanaldia eta solasaldia egingo dituzte Elorrion, 18:00etan hasita. Ikus-entzunezko lantaldeko kideez gain, beren esperientziak lehen pertsonan kontatuko dituzten Lajwad Elorrioko Sahararen Lagunen Elkarteko kideak ere izango dira saioan.

Zumaiako Udala, Zestoako Udala, Euskal Fondoa, Darahli Elkartea, Wadna Elkartea eta Eusko Jaurlaritza izan ditu bidelagun Albiteren lehen filmak. Bartzelonako ESCAC eskolan zinema-zuzendaritza ikasten ari da, eta gaztetan Sahara ezagutzeko aukera izan zuen herriko Darahli elkartearen bidez. Sahararekiko elkartasun indar horretatik abiatuta, Tahar 20 urteko gaztea protagonista duen ikus-entzunezkoa garatzea erabaki zuen Maluta Films ekoiztetxearen laguntzarekin, eta Tindufen zein Euskal Herrian errodatu zuen.

Tahar Euskal Herrian bizi da, baina haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioak horrela agintzen du), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei, zauri eta kontraesanei. Lortuko al du garaiz bere bizitzako piezei dagokien lekua ematea? Lortuko ote dute elkar ulertzea? Eta elkarri barkamena eskatzea? Sorterrira itzulita, etxea inoiz baino urrunago sentituko du.

Elorrioko emanaldia

Filma irailean estreinatu zuen Zumaian, eta ordutik Donostian, Bilbon, Lekeition, Azkoitian, Nafarroako Imotz bailaran, eta orain, Elorrion, izan da eta izango da ikusgai. Emanaldia ostiralean, urtarrilak 8, egingo dute, arratsaldeko 18:00etan Arriola Antzokian, eta filmaren lantaldeko kideekin batera, Sahararen Lagunen Lajwad elkarteko kideek ere hartuko dute parte ondorengo solasaldian.

Hurrengo emanaldia hilaren 22an egingo dute Legazpin. Xehetasunak datozen egunetan iragarriko dituzte.