Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen Udalbiltza erakundeak literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak euskaraz sortzeko 30 egonaldi artistiko eskainiko dituen Geuretik Sortuak egitasmoa jarri du martxan.  Euskal artisten sormena eta euskal herrietako idiosinkrasia uztartzea du helburu deialdiak.

Abenduaren 2an aurkeztu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur proiektua Durangoko Plateruena Antzokian, eta erakundeko zein ekimenean parte hartuko duten herrietako udalen ordezkariak izan ziren agerraldian. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi baitzuen osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean.

Egoera hori iraultzeko asmoz, Geuretik Sortuak izeneko proiektua jarri du abian Udalbiltzak, kultur sorkuntzak zabaltzerako orduan aliaturik garrantzitsuenak diren udalerriei protagonismoa emanez. Hala, lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, 25-30 udalerri hautatu dituzte, tartean, Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Lesaka, Bera, Amasa-Villabona, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Bergara eta Andosilla, proiektuen sormen laborategi eta eszenatoki bilakatzeko.

Proiektua lau fasetan garatuko dute. Lehenengo aldia 2020ko irailetik abendura garatu zuten, eta herrien artean elkarlana sustatu eta ekimenarekin bat egiteko aldia izan zen. Proiektuak jasotzeko deialdi publikoa zabalduz eman diote hasiera bigarren faseari: Zinemagile, antzerki konpainia eta idazleei zuzendutako deialdia otsailaren 5era bitarte egongo da zabalik, eta eskaeren artean aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta egokitzeko gaitasuna baloratuko dira.

Udalbiltzako ordezkariek kulturgile bekadunak hautatu egingo dituzte, eta haietako bakoitzari herri edo herri-multzo bat esleituko zaio, literatur lan bat, antzezlan bat ala film labur bat garatu ahal izateko. Hiru astera bitarteko egonaldiak izango dira (ostatua, garraioa eta dietak ere ordainduko dira, udalen edota Udalbiltzaren eskutik, kasuak kasu); eta proiektuan parte hartuko duten herri guztietan egingo dituzte gero artista horien obren emanaldiak.

Hurrengo faseak

Hain zuzen, aurkezpenetarako gordetako denbora tarte honek osatuko du hirugarren fasea. Aurreikuspenen arabera, eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru eta film labur guztiak biltzen dituen lan luze bat eskainiko dituzte horietan. Honenbestez, bilduma egingo duen argitaletxea, filmaren muntatzailea eta antzezlanak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo dute garai honetan.

Amaitzeko, 2021 amaieran, laugarren fasean, helburuen betetze-maila eta proiektuaren balorazioa egingo dituzte. Horren arabera, hurrengo edizioaren diseinua eta garapena egokituko dituzte, herri gehiagotara iristeko eta kultur adierazpide gehiago landu ahal izateko.

Ikusi deialdiaren oinarriak, hemen.