Urtarrilaren 6an, asteazkena, hasiko da Luis Buñuel zinegile espainiarrari eskainitako Nosferatu zikloa Tabakaleran. 19:00etatik aurrera, bere bi film ikusteko aukera izango da: Un chien andalou (1929) eta L’Âge d’or (1930).
Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak, Elias Querejeta Zine Eskolak eta Donostia Zinemaldiak antolatu dute zikloa. Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren lankidetzarekin. Bertan, osorik ikusi ahal izango da Buñuelek zuzendari gisa egindako lana: hain zuzen, 32 filmez osatutako lagina prestatu dute, eta 2021ean zehar proiektatuko dira denak. Pelikula hauen osagarri, Buñuel + Plus izenarekin taldekatutako beste 13 proiekzio ere izango dira, non bere bizitzarekin eta obrarekin lotutako filmak ikusi ahal izango diren.
Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Calandako zuzendariaren lanari eskainitakoak. Lehena, Colección Nosferatu-ko 17. Zenbakia, Jesus Angulok eta Joxean Fernandezek koordinatu dute eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena -Nosferatu Bildumako 9. alea, Harkaitz Canok idatzi du eta udaberrian argitaratuko da.
Ekimenaren bultzatzaileek azaldutakoaren arabera, “zalantzarik gabe”, zinearen historian izan den zinegile handienetako bat da aragoikoa, hainbat belaunaldietako zinemagileentzako erreferentzia. Bere ibilbideak ia 50 urte jasotzen ditu eta batez ere Frantzia eta Mexiko artean garatua da ‒Espainian egin zituen sarraldi batzuekin batera‒. Hala, XX. mendeko artearen hainbat klasiko utzi zituen ondare etorkizunerako, besteak beste: Viridiana (1961), El ángel exterminador (1962), Belle de Jour (1966), Tristana (1970) eta Le Charme discret de la bourgeoisie (1972).