Konfinamendu garaiko memorioa ikus-entzunezko dokumentu batean jasotzeko helburuz errodatu dute ‘…eta plaza larre bihurtu zen’ dokumentala. Leitzako herriak itxialdia nola bizi izan zuen islatzen du, eta Labrit Ondarea taldeko kideen laguntzaz sortu dute.

Aski zabaldua izan zen Nahikari Uriarte zinegotziak partekatutako argazki hura, non udaberria Leitzako plazako harri-galtzadaren arraildura artea loratu zela ikus zitekeen. Hain zuzen, argazki hartan du jatorri proiektuak, eta hari zor zaio ere dokumentalaren izenburua: …eta plaza larre bihurtu zen. Konfinamenduaren memoria historikoa bildu du dokumentalak, eta Leitzako Udalaren eta Labrit Ondarea lan taldeko kideen ekimenez osatu da.

Ekimenaren sustatzaileen arabera, itxialdiko aste horietan erabat aldatu zen herria: Kale hutsak, irekita zeuden denda bakanetako sarreretan ilarak eta parke zigilatuak, besteak beste. Egun horietan, bakardadea, asperdura, antsietatea… izan ziren nagusi, baina ekimen berritzaile ugari ere bai. Besteak beste, herritar zaurgarri edo ezinduenei arreta emateko sortutako Herritarren Lagutza Sarean edota ‘Baserritik etxera!’ proiektuan jarri du arreta dokumentalak.

Horrez gain, proiektuak irailaren hasieran egindako ezohiko ariketa kolektiboa ere jaso du. Izan ere, nabarmen ugaritu ziren Covid-19 kasu positiboak herrian, eta, horren aurrean, 1.882 herritar joan ziren beren borondatez baheketa masibora, deitutako biztanleriaren % 75a.

“Krisi hau mugarri historikoa dela jakin genuen, eta merezi zuela horrela tratatzea, etorkizunera begira herria babesteko egin den guztia jasotzea”, adierazi du Mikel Zabaleta alkateak, “Osasun krisi honetan, baina baita krisi ekonomiko eta sozialean ere, komunitate sentimendua indartzea garrantzitsua dela uste dugu. Dokumentala tresna bat izan daiteke, izan dezakeen balio antropologikotik harago”.

Proiektua Labrit Ondareak gauzatutako lan zabalago baten alea da. Ikuspegi antropologikotik, historikotik eta gizatiarretik, konfinamenduaren egunetan protagonismo berezia izan zuten pertsonen testigantzak jaso dituzte azken hilabeteetan, eta material horiek, metodologia zientifiko bidez aztertu ondoren, parte hartu duten herrietako udalen artxibo historikoan gordeko direla nabarmendu dute, etorkizunean ere herriaren eskura izateko.