In the Mood for Love (Fa yeung nin wa)

Wong Kar-Wai zinemagile txinatarrak 2000an aurkeztu zuen 60ko hamarkadako Hong Kongen girotutako drama erromantikoa. Cannesen ez ezik, nazioarteko hamaika sari-banaketa ekitalditan nabarmendu zen kultuzko lana, eta zaharberritutako kopia areto komertzialetan da ikusgai orain. Protagonistak Shangaiko egunkari bateko erredaktore-buru Chow eta esportazio enpresa bateko idazkari Li-zhen dira. Bataren zein bestearen bikotekideek denbora asko egingo dute kanpoan, eta eraikin berean bizi direnez, harreman estua egingo dute. Filma zinemagilearen maitasun trilogiaren bigarren atala da.

 

Les parfums

Frantziatik helduko da, ostera, Grégory Magne zinemagilearen proposamen berriena, Anne Walberg perfumeen munduko izarraren eta haren gidari berriaren inguruko komedia. Walberg jainkosa bailitzan bizi da, eta Guillaume izango da aurre egingo dion bakarra. Eta hain zuzen horrexegatik ez du kaleratuko gizona. Bi munduren arteko talka dibertigarri bezain zentzugabea. Emmanuelle Devos eta Grégory Montel dira filmeko aktore nagusiak, eta sorterrian kritika onak izan ditu filmak.

 

The Comeback Trail

Hollywoodeko izar garrantzitsuetako hainbat bildu ditu George Gallok The Comeback Trail filmaren remake berrian, hala nola, Robert De Niro, Morgan Freeman eta Tommy Lee Jones. De Nirok Max Barber B serieko Hollywoodeko ekoizlearen papera egingo du. Freemanek gorpuztutako mafiako buruarekin duen zorra kitatzeko, arrisku handiko eszenak dituen film bat errodatuko du eta aktore nagusia “istripu batean” hil dadin saiatuko da, asegurua kobratu ahal izateko. Jonesek antzeztutako Duke Montana izango da aktore hori, alkoholarekin arazoak dituen eta deprimituta dagoen adinekoa, baina egunak aurrera, Montanak bizirik jarraituko du, eta Barberrek inoizko filmik onena izango du esku-artean.

 

Poly

Gabonei begira, azkenik, haur eta gaztetxoenentzako proposamenen kupoa Nicolas Vanier zinemagile frantziarraren Poly abenturazko filmak beteko du. Hamar urteko Cecile Paristik Frantzia hegoaldera joango da amarekin, baina herriko haurren taldean bertakotzea ez da erraza izango. Zirku ibiltari bat helduko da herrira, eta bertako izarra den Poly poneya tratu txarrak jasaten ariko den ikusiko du Cecilek. Bada, haren ihesa prestatuko du.