Ekain Martinez de Lizarduyk zuzendutako eta Arteman Komunikazioa taldeak ekoitzitako Erraiak (2018) irrintziaren jatorria aztergai duen dokumental laburrak dozena bat sari eskuratu ditu 2020an nazioarteko zinema jaialdietan. Azkenak, New Yorken, Sizilian eta Istanbulen, besteak beste. Filmin plataforma digitalean ere ikusgai da.
Bi urte pasatxo dira Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman ekoiztetxeak ordu erdi pasatxoko proposamena aurkeztu zutenetik. Irrintziaren jatorriaren eta hedapenaren azterketa egiten du ikus-entzunezkoak, eta XXI. mendean bizirik jarraitzen duen jakiteko, jardunarekin zerikusi zuzena duten hainbat pertsonaren testigantzak bildu dituzte.
Filmak nazioarteko jaialdietako hautaketa batzordeen interesa piztu du ordutik, eta Uruguain, AEBetan eta Erroman lehiatua zen 2020ko udazkeneko lehen egunetan. Urritik, baina, FICOCC Five Continents International Film Festivalean (Venezuela), Barciff Barcelona Indie Filmmakers Fest jaialdian (Herrialde Katalanak), The South Film And Arts Academy Festivalen (Txile), Bahia Independent Cinema Festivalen (Brasil), Filmstrip International Film Festivalen (Errumania), ICA International Cultural Antifact Film Festivalen (India) eta Beyond The Curve International Festivalen (Frantzia) Sail Ofizialetan lehiatu da, besteak beste.
Baina lehian aritzeaz gain, New York Tri-State International Film Festivalean (AEB), Sicily Independent Films Awards (Italia) jaialdian eta The Monthly Film Festival Online Festivalen (Eskozia) dokumental onenaren garaikurrak erdietsi zituen, eta azken honetan ikusleen saria ere bereganatu zuen abendu hasieran. Mumbai Shorts International Film Festivalen (India), aldiz, filmaren musikagatik nabarmendu zuten, eta Istanbul Film Festivalen (Turkia) film labur dokumental onenaren garaikurra lortu zuen. Orain arte, beraz, dozenatik gora aintzatespen izan ditu ikus-entzunezkoak.
2021era begira, Toronto Documentary Feature & Short Film Festivalen (Kanada) hautatua izan da Sail Ofizialean lehiatzeko.