Hainbat guraso eta euskaltzalek sinadura bilketa abiatu zuten azaroan Disney+ plataformak euskarazko bertsioa eskaini dezan, eta 5.000 laguneko langa oso hurbil dute jada. Haur euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko galdatzen diete Disney etxeari zein EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko agintariei.

“2020ko martxoaren 24an heldu zen Disney+ Espainiar estatutara, konpainiak berak eta bere filialek (Pixar, Marvel, Starwars…) ekoiztutako edukiak biltzen dituen sareko bideo plataforma. Plataforma berri honekin euskal hiztun garen ikusleok berriro ikusi ditugu gure hizkuntza eskubideak urratuta, izan ere, Disneyk aukeratu du konpainiaren filmen bertsio digitalek ere, zinemakoen moduan, euskal bertsiorik ez izatea”, adierazi dute Disney+ Euskaraz ekimeneko arduradunek. Katalunian plataforma katalanez jartzea lortu zutela ikusita, sinadura bilketa egiteko kanpaina jarri zuten martxan iragan azaroan Avaaz plataformaren bidez, eta 4.800 lagunetik gorak babestu du jada ekimena, 5.000 sinadurako langatik hurbil.

Eskaera, dena den, bikoitza da: Disney etxeari zinema aretoetako zein plataforma digitaleko edukiak euskaraz eskaini ditzan galdatzen diote, batetik, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Foru Gobernuari eta Euskal Elkargoari Disneyrekin harremanetan jar daitezela, bestetik, haur euskaldunen eskubideak bermatzeko. EAEko ekoiztetxeei haurrei zuzendutako edukiak zinemetan euskaraz estreinatzeko eskatzen zaien eran, kanpoko enpresei ere baldintza bera jarri beharko litzaiekeela uste dute ekimenaren arduradunek.

Hain zuzen, Disney multinazional estatubatuarraren interesetatik harago, euskaldunon eskubideak jokoan daudela nabarmendu dute, eta legezko oztopoak badaude, berauek aldatuz urratsak emateko eskaera egin dute. “Arrazoi ekonomikoak badira, herri ekimenez euskaratu diren eduki guztiak, gutxienez, euskaraz eskaini ditzan eskatu behar zaio Disney+ plataformari, inolako kosturik gabe. Arrazoi politikoak badira, alderdi politikoek eragiteko duten gaitasuna erabili dezatela egoera aldatzeko”, adierazi dute.

Ekimena babesteko aukera dago oraindik, helburura heltzen lagundu eta eskaera hauspotzeko.

0