Urteko lehen seihilekoa prestatzen hasi dira Kresala Zineklubeko gazteak, eta lehen seihilekoan Wong Kar Wai zinemagile txinatarraren filmografiaz gozatzeko aukera eskainiko dute birmasterizatu berri diren bere sei lanen bidez. Emanaldien data zehatzak oraindik iragarri ez arren, hilabete bakoitzean ikusgai izango den filma jakinarazi dute.

2020an Kenji Mizoguchi japoniarrarekin egin bezala, 2021ean Wong Kar Wairi eskainiko dio atzera begirako lehen zikloa Donostiako Kresala Zineklubak. Izan ere, urtea amaitu aurretik, orain 20 urte argia ikusi zuen In the Mood For Love lana berrestreinatuko dute zinema areto komertzialetan, eta aitzakia baliatu nahi dute Avalon banatzailearen bidez eskuratu dituzten zinemagilearen birmasterizatutako sei filmak urtarriletik ekainera eskaintzeko.

Lehen emanaldian 2046 (2004) izango da ikusgai, proiektatutako dituzten sei lanen artean berriena bada ere, In the Mood For Love filmarekin duen loturagatik, lehen saiora ekarri nahi izan dutena. 2004ko Cannesko zinema jaialdian estreinatu zen drama eta zientzia fikzioa uztartzen dituen proposamen berezia. Otsailean, ostera, 1988ko As Tears Go By filmaren txanda izango da, Txinako mafien testuinguruan kokatutako drama.

Ondorengo hiletan, aldiz, 90eko hamarkadan osatu zituen filmen artean, esanguratsuenetako lau eskainiko dituzte, kronologikoki antolatuta: martxoan, 60ko hamarkadan girotutako Yuddy gazte erakargarriaren gatazka emozionalak aztergai dituen Days of Being Wild (1990) drama erromantikoa; apirilean, Hong Kong hiriko Tsimhatsui auzoan garatutako bi maitasun harreman independenteri buruzko Chungking Express (1994); maiatzean, prostituta baten eta hiltzaile baten arteko lan-harremana hizpide duen Fallen Angels (1995) thrillerra; eta ekainean, azkenik, Txinatik Argentinara joango den bikotearen gorabeheren inguruko Happy Together (1997) drama, Cannesen zuzendari onenaren garaikurra eskuratzeko balio izan ziona.

Saioen datak ezagutu nahi izanez gero edo Kresala Zineklubaren azken berriak emailean jaso nahi badituzue, idatzi info@kresalazinekluba.com helbidera.