Mundua hor dago, norbaitek filmatzeko zain, eta mundu hori errespetatu egin behar da: ingurune naturala, espazioak, pertsonon aldarteak…  Hala usteko du, behintzat, Eric Rohmer (1920-2010) zinegile frantziarrak. Bere pelikuletan pertsonaia bat kale batetik bestera pasatzen denean, kale hori errealitate topografiko hiritarrean bestearen ondoan dagoelako gertatuko da. Kale aldaketa hori ez da gerora eraikia egongo. Berdin klimatologiarekin, istorioen kronologiarekin, argiarekin. Anekdota bat: Le Rayon vert (1985) pelikulari bukaera emango zion azken planoa erregistratu nahian aritu zen Rohmer munduan barna, filmaketa bera ere hainbat hilabetez bertan behera utziz. Mendebaldetik sartu ohi den eguzkiaren azken izpi berdea bilatu nahi zuen, Julio Verneren izen bereko eleberriko protagonistak egin bezala. Baina fenomeno optiko naturala baldintza jakin batzuetan bakarrik agertzen da, eta Kanariar Uharteetan hura hautematea lortu bazuen ere, jakina denez, kamera batek ez du giza begiak irensten duen irudi bera erreproduzitzen. Pantaila handian ez omen zitzaion erakargarri egin zinegile frantziarrari, horregatik, amorru handiz, amore eman eta izpi berdea faltsutu zuen. Biziki sufritu behar izan zuen erabakia. Alabaina, 1995ean, Frantziako kostalde atlantikoan lau urtaroei eskainitako film sortaren hirugarren atala errodatzen ari zela, bere kamera operadorea bidali zuen zorte bila, eta oraingoan bai, harrapatu zuen nahi zuen momentu xarmagarri hori. Hamarkada lehenagoko zeluloide kutxa ireki, azken segundoetako fotogramak moztu, eta plano berria itsatsi zuen.

Zinegile izan aurretik, Rohmer irakasle izan zen lehenik, kritikari gero. Cahiers du Cinéma aldizkari entzutetsuko (zinema aldizkariei buruzko erreportaje zabala, hemen) erredaktore buru izan zen 1956 eta 1963 bitartean. Gizon lotsatia, misteriotsua, hotza. Ezezagun dira oraindik ere Rohmerren bizitzako hainbat alderdi, sekretupean eraman zituen hilkutxara. Ezin esan daiteke haren filmak autobiografikoak direnik ere. Maurice Schérer zuen jatorrizko izena, eta txiki-txikitatik piztu omen zitzaion literaturarekiko zaletasuna. Balzac, Proust, Stendhal, Dos Passos, Hemingway edota Faulkner miresten zituen, eta horien eraginpean idatzi zituen bere istoriotxo propioak, gerora, ipuin moralen izenpean film bilakatzeko oinarri ere hartu zituenak. Hala ere, literatura lan garrantzitsuak ere egokitu zituen, besteak beste, Heinrich von Kleisten Die Marquise von O eta Grace Elliott idazlearen memorietan oinarritutako L’Anglaise et le Duc.

Ez da harritzekoa zinema moderno europarraren izen handienetakoa denak horrenbesteko oihartzuna izatea: Jonas Trueba, Hou Hsiao-Hsien, Hong Sang-soo, Carla Simón, Richard Linklater edota Abbas Kiarostami zinegileen lanetan, besteak beste, sortzaile paristarraren aztarna argiak sumatu daitezke, eta ez nik diodalako, baizik eta beraiek propio hala onartu dutelako. Bada, haren jaiotzaren mendeurrenaren harira, hainbat omenaldi eta ziklo antolatu dituzte mundu osoan, baita gurean ere. Euskadiko Filmategiak zinegilearen 11 film proiektatu ditu 2020ko urritik abendura bitartean, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan, eta pozgarria izan da horiek berrikustea. Rohmerren zinemak duen arima hilezkorra aldarrikatzea. Euskal Herrian —Donibane Lohitzunen eta Biarritzen— filmatutako Le Rayon vert filmak eman zien hasiera batean zein bestean sortzailearen ibilbideari emandako errepasoari, eta bertan protagonista den Marie Rivière aktoreak aurkeztu zituen saioak. Hurrengo asteetan Antonio Santamarina eta Carlos Heredero adituak frantziarrari buruzko hainbat xehetasun argitzen saiatu dira.

Rohmerren ondare zinematografikoa ulertzeko zazpigarren arteaz zuen ulerkera ezagutzea ezinbestekoa da. Zinegileak uste zuen zinemak beste arteek baino balio handiagoa duela. Ikusten diren elementuen bidez, zinema, ikusezina dena erakusteko gai dela uste zuen. Hau da, sentimenduak, emozioak, hausnarketak. Bere filmografiaren eta zinemaren ikusmoldearen arteko koherentzia erabatekoa da, eta horrek eragin du XX.mendeko zuzendari garrantzitsuenen artean azaltzea. Berezia zen Rohmer, oso. Eta berezia zen, batez ere, bere zinemaren ikuskera. Zergatik izan zuen Le Rayon vert filmeko errodajea hilabete luzez geldi uzteko aukera? Bada, oso aurrekontu eta lan-talde txikiarekin egiten zuelako zinema. Ia artifiziorik gabe, zinema komertzialaren ohiko praktika askori uko eginez. Ia entsegurik egin gabe. Ia dena lehen hartualdian, errepikapenek aktoreen interpretazioak mekanizatzen dituztela uste baitzuen.

Bere filmek itxuren atzean dagoenari buruzko gogoetak egiten dituzte. Azter dezagun Le Genou de Claire (1970) pelikula, ipuin moralak sortako film giltzarria: Aurora izeneko idazle batek Jerome bere aspaldiko laguna bi neskatorekin harremanetan jartzera gonbidatuko du. Zertarako? Gizonak nobelagileari horiekin bizitako abenturak konta diezazkion. Istorioan zer gertatzen den baino, istorioa nola kontatzen duen eta zer kontatzen duen egingo zaigu interesgarrien. Diotena zergatik esaten duten, egiten dutena zergatik egiten duten. Hala, Auroraren nobelagilea Rohmerren alter ego gisa interpreta daiteke, Aurorak Jerome eszenan jarriko duen bezala zinegileak bere pertsonaia guztiak jarriko ditu beren burua antzezten.

Rohmerren filmetan asko hitz egingo da. Pertsonaiak, protagonistak etengabe ariko dira hizketan. Baina filmak ez dira pertsonaiek hitz egiten dutenari buruzkoak izango. Bere burua eszenaratzen duten pertsonaiak filmatuko ditu frantziarrak. Pertsonaiek beraien sentimenduez hitz egingo dute, askotan beren burua engainatuz, besteen aurrean antzeztuz. Beraiek diotenaren eta egiatan nolakoak direnen artean distantzia ezarriko du Rohmerrek: ez du pertsonaien bizitza filmatuko, bizitzaz egiten duten kontakizuna baizik. Errelatoa. Ez al dugu guk geuk horixe bera egiten ere? Gure izate naturaletik at dagoen irudi jakin bat ematen, alegia?