Euskarazko filmen bilduma zabala gordetzen du ETBren webguneak, genero orotariko filmak, etxeko guztientzat aproposak. Jatorrizko bertsioan edota euskarara bikoiztutako lanak dira, doan ikusi daitezke, eta fitxa tekniko bat dute eskura.

EiTBk eskaintzen dituen lanen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, Asier Altuna eta Telmo Esnalen Aupa Etxebeste! (2005) arrakastatsua,  edo Bernardo Atxagaren Obabakoak  eleberrian oinarritutako Obaba (2005).

Etxeko txikiek ere haientzat propio zabalduriko eskaintza zabala topatuko dute ere: Olentzeroren protagonista duten hainbat pelikula, datozen opor egunetarako aproposak, Go!azen (2008) edo Betizuren bi filmak, esaterako. Unibertsolariak (2003), GLUP (2003), Supertramps (2004), Pailazokeriak (2005), Cristobal Molon/Cristóbal Molón (2006) eta Animal Channel (2008) dira haur eta gazteei eskainitako beste izenburu batzuk.

Dokumental zaleentzat, aldiz, Aitor Arregi zuzendariaren Lucio (2007) dago eskura, 70eko hamarkadan First National Bank-i 3.000 milioiko iruzurra egin zion Lucio Urtubia ezagunaren ingurukoa. Genero berdinean, nabarmen dira ere Aitor Merinoren txikitako adiskidearen gaineko Asier ETA biok (2013), eta Nömadak TX (2006), munduan zehar dabiltzan bi musikarien istorioa.

Thriller edo beldurrezko zinema zalea denak, Nacho Vigalondoren Kronokrimenak/Los cronocrímenes (2007) arrakastatsua edo Sebastián Corderoren Amorrua/Rabia (2009) ditu eskura; eta drama generoa gustoko duenak, 27 ordu/27 horas (1986), Eutsi! (2007) edo Nire aitaren etxea (2008) filmetan topatuko du gozatua.

Aipatutako pelikula guztiak, eta are gehiago, EiTBren webgunean aurkitu daitezke, eta edozein momentutan ikusteko aukera dago.