Zuzendaria: Dea Kulumbegashvili
Urtea: 2020
Herrialdea: Georgia
Eugenesia, mendekua, malthusianismoa, sedukzioa, desohorea, pobrezia, miseria gorria, ezkongabeko amak, sasikoak eta beren bekatu hereditarioak, puerperio garaiko tentsio emozionalak, suizidio hedatua, erditze osteko depresioa, edoskitzeak eragin dezakeen zoramena, zoramena, zoramena.
Badakit. Ezin dugu ulertu. Ezin duzue ulertu, ezta? Eskema guztiak apurtzen dituzte ama hauek. Ama honek, bereziki.
‘Amek ez dute’, Katixa Agirre.
Jendez betetzen doa eliza txikia, komunitate erlijiosoko kideek elkar agurtzen dute poliki-poliki bakoitza bere eserlekuan kokatzen den arte. Eguneko sermoia Abrahamen sakrifizioaz dihardu. Gogoratu egiten da nola Jainkoak geldiarazi izan zuen Abrahamen eskua, zeinak labana altxatzen zuen semearen aurka. Tupustean, kanpotik jaurtitako molotov koktelek leihoak apurtzen dituzte eta sugarren artean harrapatuta geratzen dira eliztarrak. Azkenean, gertakariak ez du zauriturik uzten. Hala abiatzen da amaieraren hasiera. Edo hasieraren beraren amaiera.
Indarkeriaren kontenplazioak, eremuz kanpo dagoenaren mehatxuak eta sakratua denaren bat-bateko profanazioak trokelatzen du aurrerantzean filma. Tenpluak su hartzen duenerako, jada ez da idolorik geratzen Yanarentzat. Birrintzen hasia da bere ingurunea eta oro da laidogarri; familiaren etxea bera ere babesleku izateari utziko dio, hiriburutik datorren detektibearen bisita eta gero.
Yana, azken finean, ez da artzain protestantearen emaztea baino, Giorgi txikiaren ama, komunitateko umeen katekesi irakaslea; genitibo horiek mugatzen dute Yanaren existentzia, haiek gabe ezin ezagutu emakumea. “Zerbait gaizki dago nigan” aitortzen dio senarrari elizaren aurkako erasoa jazo eta gero, “zerbait hasi edo amaitzearen zain banego bezala”. Bere ondoan errealitate bortitzak dena zanpatzen duen bitartean ere ez da ezer sentitzeko gai izango eta aurrera egingo du alienaziorik sakonenean murgilduta, bizirik bezain hilda.
Aski jakina denez, Zinemaldian indarrez nagusitu zen Beginning filma, Urrezko Maskorraz gain, zuzendaritza, gidoi eta antzezle onenaren (Ia Sukhitashvili, Yanaren paperean) sariak bereganatu baitzituen. Kulumbegashvilik bere egin zuen, zalantzarik gabe, aurtengo edizioa eta bere izena, gogoratzen zaila bada ere, ahoz aho zabaldu zen egunotan. Estatuan, Surtsey Films banatzaileak hartu du zinta aretoetara eramateko erronka eta, gaurko honetan, estreinaldien artean hiru aste betetzera doa.
Sariak patrikan, eta eztabaida mahaian. Aspergarria eta handinahia batzuentzat, maisulan beharrezkoa besteentzat, Beginnig-ek kritika banatu izan du azken hilabeteotan. Pertsonalki, halako lanez gozatzeko nolabaiteko umiltasuna beharrezkoa dela deritzot, filmak denbora eta arreta dezente eskaintzera behartzen zaituen heinean. Eskakizunok betez gero, badago zuzendariaren begirada burutsuarekin topo egitea, zeinak oso ondo baitakien zer nahi duen eta nola nahi duen. Kulumbegashvilik denbora ematen dio ikusleari, irudiak begiratu, ondo miatu eta ikusten denaren aurrean kritiko agertzeko. Plano finko luzeek eta estetika garbi ia aszetikoak bete-betean harrapatu naute ni, are gehiago, oraindik ere, zenbait irudi burutik kendu ezin nabil.
Filmak jasotako iruzkinen artean behin eta berriz errepikatzen den ildo zehatz bati bai egin nahi nioke aipamen berezia. Geroz eta ohikoa izaten ari da feminista edo kritikotzat jo daitezkeen helburuen pean emakumeak ikus-entzunezko fikzioan bortxatzeko hautua. Joera horrekin batere ados ez banago ere (edo, hain zuzen, egon ez izanagatik), oraindik esanguratsuagoa iruditzen zait bortxa esplizituki erakusten duten filmek sorrarazten duten erantzuna. “Probokatzaile” da gehien errepikatzen den hitza eta, Beginning ez da inolako salbuespena. Antza ematen dit, maiz, gehiengoa diren kritikari gizonezkoek “probokatzaile” edo “polemiko” terminoez haratago ez dutela besterik ezagutzen auziari erreferentzia egiteko. Zein hitz erabiliko ote dute mundu errealean gertatzen denaz jabetzen direnean? Bereziki nabarmena iruditzen zait film honen kasua, batez ere, zuzendariak berak “probokazioa” xede ez duela argi utzi izan duenean.
Filmak gordetzen dituen irakurketa eta gai guztiak harrapatzen hasteko ere ez litzateke nahikoa izango zinta hamaika aldiz ikustearekin. Hori bai, ikustaldietako bakoitzak mereziko luke. Bizitzan bezalaxe, xehetasun txikienek badute garrantzi berezia zintan zehar: izan autobusean gehiegi gerturatzen den esku bat edo manipulazioan ondutako hitz atsegina. Debut apartekoa dugu gazte georgiarrarena, hori bai, ikusitakoa digeritu eta horren inguruan hausnartzeko denbora eskatzen duena.