2021. urteko eskaintza berriari bide eman dio jada Filmazpit katalogoak, eta dokumental bat, bi animaziozko film, bi drama sozial eta beldurrezko film laburren bilduma bat gehitu ditu eskaintzen liburuskara. Aurrerantzean, interesa duen ororentzat izango dira filmak eskuragarri, kosturik gabe proiekzioak antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako, eta Donostia Zinemaldia eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin Donostia Kulturak 2011 urtetik kudeatutako programa da Filmazpit. Nazioartean arrakasta erdietsi duten lanak euskaraz eskaintzea du helburu, eta horretarako, euskaraz azpidatziak sortu eta interesa duen edonorren eskura jartzen ditu, tokian tokiko kulturgune, elkarte eta abarretan programatu ahal izateko. Baita etxean bertan azpidatziak deskargatu ahal izateko ere! Haur eta gazteentzako filmak, jaialdi tematikoetan eskainitako laburren bildumak, gai sozialak lantzen dituztenak, zein giza eskubideen urraketak salatzen dituzten ikus-entzunezkoak topa daitezke bertan, dozenaka.

Zerrendara gehitu dituzten azken lanei dagokienez, Saharako basamortura hurbilduko du publikoa Hamada (2018) lanak, pedagogia eta umorearekin. Mendebaldeko Saharan barneratuko da Eloy Dominguez Serenek aurkeztutako bigarren film luze dokumentala eta bertako gazteen eguneroko bizitza modu humanista eta biziaz adieraziko du, nola ametsen bidez egiten dioten aurre euren nortasuna ukatzen duen gatazka bati.

Dilili à Paris (2018), Michel Ocelot-en azken animaziozko filma, aldiz, ikuspegi didaktiko eta dibulgatzaile batetik abiatuko da, eta osagai oniriko indartsu bati eutsiko dio bere kontakizunean. Belle Époque garaiko Parisera egindako bidaia bisuala da, abentura eta feminismoz eraikitakoa eta bere protagonista txikiaren begietatik ikusia.

Animazioari dagokionez, Loving Vincent (Dorota Kobiela eta Hugh Welchman, 2017) aitzindaria da, pintura animatuez osatutako lehen film luzea delako. Fotograma bakoitza artista ezberdin batek margotutakoa da, eta Van Goghen obran inspiratuta dago, filma pinturaren hedadura bihurtuz. Istorio intimista bat, irudien bidez isurtzen dena.

Nunzia De Stefanoren lehen lanak, Neviak (2019), Napoliko kanpoaldera eramango du publikoa. Ukitu autobiografikoez baliatuz, bere protagonista gaztearen istorioa azalduko du, gizonak nagusi diren errealitate batean bizirik irauteko eta aske izateko borroka. Kontakizun gordina baina baikorra, non zirkuak bizitza grisari kolorea eta itxaropena emango dion.

 The Third Wife (2018), Ash Mayfair zuzendariaren lehen filmak ere, neska gazte bat aurkeztuko digu, baina oraingoan XIX. mendeko Vietnamen. Kontakizun intimista eta argazki minimalista batzuen bidez, lur-jabe baten hirugarren emaztearen etxera gonbidatuko du ikuslea. Matxismoa, klasismoa eta esklabotza isiltasunaren eta bakardadearen bidez azalduko dituen filma.

Amaitzeko, beldurrak ere bere tokia izango du Noviembre fantasma film laburren bilduman. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, Terror Molins-en eta Fancine-n saritutako filmen aukeraketa plataforma digitalean eskuragarri egon zen, eta orain Filmazpit katalogoan egongo dira bilduma gisa eskuragai: Brutal Relax (2010), Voice Over (2011), Ghost Train (2013), Quenottes (2015), Helsinki Mansplaining Massacre (2018) eta Wild Love (2018) generoaren aniztasunaren erakusle, animaziotik mamu eta izaki fantastikoen istorioetara.