BilbaoArteren Art House Zinemaren bidez eta Filmazpit programarekin elkarlanean, 2021eko hil guztietako lehen asteazkenetan euskarazko azpidatziak dituen film bat jatorrizko hizkuntzan eskainiko dute. Lehen asteazkeneko hitzordua zikloaren laugarren edizioa izango da, eta pandemiari lotutako segurtasun-neurriak tarteko, aurretik eserlekuak erreserbatzea derrigorrezkoa izango da.
Nazioarteko film arrakastatsuei zein zirkuitu komertzialetik at geratzen diren proposamen bereziagoei euskarazko azpidatziak sortzen dizkie eta herritarren eskura jartzen ditu Filmazpit programak, eta BilbaoArterekin elkarlanean, hileko lehen asteazkenetan emanaldiak egingo dituzte 2021ean zehar laugarren urtez jarraian. Saioak 19:00etan hasiko dira, eta animaziozko lanak eta musika dokumentalak izango dira nagusi, eskaintza borobil bezain anitza eskaintzeko.
Ondorengo hau duzue 2021eko egitaraua (film bakoitzaren inguruko xehetasunak bertan topatuko dituzue):
- Urtarrilaren 13an, Jeanie Finlayren Orion: The Man Who Would Be King (2015) musika dokumental britainiarra.
- Otsailaren 3an, Shojiro Nishimi eta Guillaume Run Renarden Mutafukaz (2017) animaziozko film franko-japoniarra.
- Martxoaren 3an, Barbara Millerren #Female Pleasure (2018) emakumezkoen plazer sexuala aldarrikatzen duen dokumentala.
- Apirilaren 7an, Michel Oceloten Dilili à Paris (2018) animaziozko film frantziarra.
- Maiatzaren 5ean, Dorota Kobiela eta Hugh Welchmanen Loving Vincent (2017) animaziozko film biografiko poloniarra.
- Ekainaren 2an, Eloy Dominguez Serénen Hamada (2018) Saharako gazteek bizimodua aztergai duen dokumental suediarra.
- Uztailaren 7an, Fermin Muguruzak 2018an aurkeztu zuen Beltza naiz, Black is Beltza animaziozko filmaren sortze prozesuari buruzko dokumentala.
- Abuztuaren 4an, Fermin Muguruzaren 2013ko No More Tour dokumental musikala.
- Irailaren 1ean, Ethan Hawkeren Blaze (2018) estatubatuarra, Blaze Foley country musikariaren bizitzari buruzko lana.
- Urriaren 6an, Seamus Murphy zinemagilearen A Dog Called Money (2019) musika dokumental irlandarra.
- Azaroaren 3an, Ash Mayfair zinemagile vietnamdarraren The Third Wife (2018) filma.
- Abenduaren 1ean, Nunzia De Stefano zinamegilearen Nevia (2019) Napoliko auzo pobreetako gazteen gatazkak hizpide dituen filma.
Pandemiaren eraginez, aretoaren edukiera mugatuta egongo da unean uneko arautegia errespetatuz, eta sarrerak aurrez erreserbatu beharko dira (bi laguneko) egunean bertan, 9:00etatik aurrera, 94 415 50 97 telefonora deituta.