Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlan homonimoan pantaila handirako Erlauntza filma azaroaren 6an heldu zen Hego Euskal Herriko zinema areto komertzialetara, eta ordutik, 12.000 lagunek baino gehiagok ikusi du komedia dramatikoa. Pandemiak eragindako egoera berezia kontuan hartuta, filmak arrakasta polita erdietsi duela esan liteke.

Aitziber Garmendia, Sara Cózar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz aktoreek osatutako taldeak, Mireia Gabilondoren gidaritzapean, Euskal Herri osoan aurkeztu zuten antzezlana pantaila handirako prestatzeaz arduratu dira iragan urtean, eta azaroaren 6an heldu zen aretoetara film surrealista. Haurtzaroko sei lagunen paperak antzeztu dituzte, eta haietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera landetxe batera joango dira asteburu-pasa. Harreman estua duten arren, gauzak aldatzen joan direla ohartuko dira, eta inoiz esan gabekoei eta orotariko aitorpenei egin beharko diete aurre.

Laguntasunaren erretratu errealista bezain fantastikoak barrea eta negarra eragin du ikusleengan, eta orotariko iritziak zabaldu diren arren, 12.000 lagunetik gora hurbildu da hilabete eta erdian filmaz gozatzera. Pandemiaren eraginez ezarri diren segurtasun-neurriak tarteko, zenbatekoa esanguratsua dela esan genezake, eta oraindik hainbat aretotan dago ikusgai, hala nola, Donostiako Antiguo Berrin eta Irungo Mendibil zinemetan.

Donostia Zinemaldian estreinatu zen eta zinema areto komertzialetan Erlauntzak baino hilabete gehiago daraman Pablo Agüeroren Akelarre dramak, bere aldetik, 47.000 ikusletik gora erakarri ditu zinemetara, eta oraindik ikusgai dago Gasteizko Boulevard zinemetan. Imanol Rayoren Hil kanpaiak proposamena, aldiz, urri amaieran heldu zen aretoetara, eta 2.000tik gora lagun joan dira nekazaritza giroko thrillerra ikustera. Irungo Mendibilen, Donostiako Principe zinemetan eta Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan jarraitzen du ikusgai.