Eneko eta Ander Sagardoy anaia bikiek Sumendi Filmak ekoiztetxea sortu dute, eta Galapan produkzio etxearekin elkarlanean, lehen film laburra ekoitzi dute, Maider Oleaga zinemagilearen Kinka. Elena Irureta, María Isabel Díaz eta Josean Bengoetxea dira aktore nagusiak, eta Zineuskadi elkartearen ITXITIK deialdiaren babesa izan dute.

Muga deitzen da pausoa (2018), Gure Oroitzapenak (2018ko lan kolektiboa) eta Iragan gunea Berlin (2016) bezalako lanen egile Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak proposamen berria dakar, Kinka laburra. Filmeko protagonistak Doroty etxeko langile hegoamerikarra eta Mari entzumen arazoak izaten hasi den adineko emakumea dira. Konfinamendu garaian elkarrekin bizi beharko dira, baina nork bere barne gatazkak izango ditu: Doroty jatorri ezezaguna duten soinu arraroak entzuten hasiko da, eta Mari inguruan duenarekiko bakartuta egongo da. Bada, María Isabel Díaz eta Elena Irureta arduratu dira bi pertsonaia horiek gorpuzteaz, eta Josean Bengoetxea izan dute lagun aktore-taldean.

Filma Eneko eta Ander Sagardoy anaia durangarrek sortu berri duten Sumendi Filmak ekoiztetxearen lehen lana da, eta errodajea amaitu dute jada. Ander Barinaga-Rementeria eta Iñigo Zuberoren Galapan produkzio etxearekin elkarlanean osatu dute proiektua, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailak eta Zineuskadi elkarteak konfinamendu garaian sortu zuen ITXITIK deialdiaren babesarekin. Hain zuzen, zazpi izango dira laguntza horren bidez garatuko diren lanak, eta 2021ean ZINEBI Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian ala Donostia Zinemaldian eskainiko dituzte.

Talde teknikoari dagokionez, Carlota Peredak idatzi du gidoia, eta Kiko de la Ricak egin ditu argazki-zuzendari lanak. Haiekin aritu dira Idoia Artxanko ekoizpen zuzendaria, Ainhoa Eskisabel makilatzaile eta ile-apaintzailea, Zaloa Ziluaga arte zuzendaria, Andrea Saenz zuzeneko soinuaren arduraduna, Xanti Salvador soinu diseinatzailea, Iratxe Sanz jantziteria arduraduna, Maialen Sarasua muntatzailea eta Paula Olaz musikagilea.