Berri Txarrak taldearen Ikusi arte (1994-2019) biraren jarraipena egin duen eta bandak nazioartean dituzten zaleen lagin bat erakusten duen Dardara filmak martxoaren 15ean ikusiko du argia, Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren (Punto de Vista) baitan. Marina Lameiro (Iruñea, 1986) aritu da zuzendari lanetan, eta Arena Comunicación eta Txalap.art dira ekoiztetxeak.

2019an bere 25 urteko ibilbidearen une gorenean, etenaldi mugagabe baten berri eman zuen Berri Txarrak taldea. Horrekin batera, urte osoa iraungo zuen Ikusi Arte (1994-2019) agur bira iragarri zuen ere, zeinaren bitartez mundu osoko agertokietan arituko ziren azkenekoz. Marina Lameiro zinegileak bertatik bertara jarraitu zuen bira eta bertan jasotakoak aurkeztuko ditu Dardara film luzean.

Munduko hainbat tokitan bizi diren zaleen istorioetatik abiatuta, Lameirok erretratu koral bat egin du. Zale guzti horiek hari komun batek lotzen ditu: Berri Txarrak taldearen musikak. Filmean BTXek utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo baten —rocka—, hizkuntza baten —euskara— eta belaunaldi baten —bere kideena—  mugez harago, fenomeno unibertsal bihurtzea.

25 urtean taldeko konposatzaile, gitarra-jole eta ahotsa izan ondoren, etorkizun ezezagun bati aurre egin behar dion Gorka Urbizuren letren eta gogoeten bidez egiten du aurrera dokumentalak. Pasioari buruzko filma da; bai Gorkak sortzaile gisa sentitzen duen zirrara horren, eta baita Berri Txarraken zaleek taldearekiko erakusten duten zirrara horren ingurukoa.

Hala, martxoaren 15ean estreinatuko den proposamenak hiru ardatz nagusi izango ditu. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, beti ere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Bestetik, taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, doinu horiekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Eta azkenik, Urbizuren eta taldekideen jarraipena egin du, eta lehenengoak taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak kontatu ditu. “Pelikulak sortzailearen, obraren eta publikoaren arteko harremana aztertzen du”, adierazi du Lameirok.

0