Ekain Albite zumaiarrak Haizearen egia film laburra estreinatu zuen iragan irailean, eta ordutik Donostian, Bilboko ZINEBI jaialdian eta Lekeitioko Euskal Zine Bileran izan da ikusgai Tahar saharar gaztearen istorioa. Datozen asteetan hainbat emanaldi egingo dituzte, eta saharar herriak bizi duen gatazka egoeraren inguruko solasaldia egingo dute jarraian.

Zumaiako Udala, Zestoako Udala, Euskal Fondoa, Darahli Elkartea, Wadna Elkartea eta Eusko Jaurlaritza izan ditu bidelagun Albiteren lehen filmak. Bartzelonako ESCAC eskolan zinema-zuzendaritza ikasten ari da, eta gaztetan Sahara ezagutzeko aukera izan zuen herriko Darahli elkartearen bidez. Sahararekiko elkartasun indar horretatik abiatuta, Tahar 20 urteko gaztea protagonista duen ikus-entzunezkoa garatzea erabaki zuen Maluta Films ekoiztetxearen laguntzarekin, eta Tindufen zein Euskal Herrian errodatu zuen.

Tahar Euskal Herrian bizi da, baina haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan jarraitzen du. Egun batean, dei bat jasoko du bertatik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera itzuliko da eta, aitaren gorputza garbitzen duen bitartean (musulmanen usadioak horrela agintzen du), aurre egin beharko die iraganari, oroitzapenei, zauri eta kontraesanei. Lortuko al du garaiz bere bizitzako piezei dagokien lekua ematea? Lortuko ote dute elkar ulertzea? Eta elkarri barkamena eskatzea? Sorterrira itzulita, etxea inoiz baino urrunago sentituko du.

Gabonetako emanaldiak

Filmak ZINEBI Bilboko Zinema Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian eta Lekeitioko Euskal Zine Bileran hartu du parte berriki, eta bigarren honetan epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu zuen.

Bada, abenduaren 22an Azkoitiako Elkargunearen Herriko Plaza aretoan eskainiko dute filma, 18:30ean hasita. Ondorengo mahai-inguruan lau lagunek hartuko dute parte: Fatimetu Zenan JAS Juventud Activa Saharaui taldeko kideak, Samuel Ruiz Darahli elkarteko ordezkariak, Azkoitian bizi den Mariam sahararrak eta Ekain Albitea zuzendariak, eta filmetik harago, saharar herriak bizi duen gerra-egoera izango dute hizpide.

Abenduaren 27an, ostera, Nafarroako Imotz bailaran egingo dute emanaldia, Eraso herriko Zaparen Etxolan; eta urtarrilaren 8an Elorrioko Arriola Antzokian izango da ikusgai. Interesa izanez gero, gainera, tokian tokiko elkarte edo udalek prentsa@malutafilms.eus helbidera idatzi dezakete Haizearen egia beren herri eta hirietan programatzeko.