Zuzendaria: Nuria Giménez Lorang
Urtea: 2019
Herrialdea: Espainia
Badira amaierako kredituak agertu eta gero, oraindik, pantaila beltzera begira, itsatsita mantentzen zaituzten filmak. Badira katarsi txikia abiarazten dutenak, eurak ikusi eta gero mundua, halabeharrez, nola edo hala aldatu izan dela sentiarazten digutenak. Badira bizitza bera baino zerbait handiagoa ikusi berri dugunaren sentsazioarekin ukitzen gaituztenak. Badira, finean, My Mexican Bretzel (2019) bezalakoak.
Esnatu al zara inoiz ametsik gozoenaren erdian? Amestutakoaren irudi urruna baino ez da geratzen, ez aurpegirik, ez leku ezagunik, bakar-bakarrik besarkatzen zaituen sentsazio epel bezain malenkoniatsua, bisitatu berri duzun txoko zoriontsura berriz bueltatu ezin izango zarenaz konturatzerakoan. Halakoxea da My Mexican Bretzelen atmosfera, inoiz bizi izan gabe ezaguna egiten zaigun iraganaren ametsa; irudi hutsek gorde ezin dezaketen paradisuaren ispilatzea, aldi berean, irudiotan existitzen baino ez dena.
Maiatzeko lehen egunetan, itxialdi garaian, online ospatu behar izan zen D’A zinemaldian estreinatu zen Nuria Giménez Lorangen opera prima hau. Noski, eskertzeko moduko aire bafada liluragarria izan zen mementoan filma. Abenduaren 11tik aurrera, zinema aretoetan gozatzeko aukera ere izango dugu; sorpresa atsegina eta, nola ez, plazer hutsa.
“Atzo Leon ez zen beste gizon bati musu eman nion lehen aldiz”. Egunkari modura, Vivian Barrett izeneko emakume baten bizitza oparoa emango zaigu ezagutzera, 40ko eta 60ko hamarkaden artean, Suitza, Frantzia eta Italiako kokaleku esklusiboenen artean garatzen dena. Amodiozko istorio klasikoenen antzera, baina, bikote irribarretsua ez da zoriontsu. Leonek asmatutako depresioaren aurkako farmakoaren patenteari esker gero eta aberatsagoak badira ere, samin sendaezina bizi da Vivianen erraietan, azkenik, amorantearen besoetara bultzatuko duena.
Vivianen hausnarketa intimoenak irudikatzeko, Leon senarrak Super 8 kameraz filmatutako grabazioak aurkezten zaizkigu. Amildegi gaindiezina irekitzen da hala etengabeko oporraldi koloretsuen irudien eta horien gainean irakurri daitezkeen Vivianen pentsamendu ilunenen artean. Bi elementuok eraikiko dute istorio berezi hau, isiltasun ia absolutuan garatzen dena.
Errealitateak bezalaxe, ordea, narrazioak ere baditu geruza anitz. Hala, itxurazko zoriontasunaren irudiaren maskara erorita, Vivianek maitalearen bizi duen ezkutuko bizitzak egingo du agerraldia. Gezurrek, baina, narrazioa bera ere gainditu egingo dute filmaren zerizana bera zipriztinduz. “Gezurra egia kontatzeko beste modu bat baino ez da” dio filma irekitzen duen guru indiarraren irakaspenak. Esaldia, agian, zentzuz beteko da Vivian eta Leon Barrett inoiz existitu ez zirela ezagutzen dugunean eta, irudien bitartez ezagutu dugun bikotea zuzendariaren aitona-amonak zirela jakitean.
Ariketa filmiko aparta erdiesten du Giménez Lorangek My Mexican Bretzelen bitartez, fikzioaren eta irudien balio egia-emailearen inguruan hausnartzen duena. Gainera, plano teknikotik haratago ere iradokitzaile bezain berritzailea da bere proposamena, galderez eta jakin-minez gainezka utziko zaituena. Hala bada, dagoeneko gehiegi esan ez badut, argibide osagarririk ez dut emango, izan ere, Giménez Lorangen iruzur handik bate-betean harrapatu zaitzan hobe da filmari buruz aldez aurretik ahalik eta gutxien jakitea.
Giménez Lorangenak bezalakoak badira, gogoz eta gosez irentsiko ditut irentsi beharreko gezur guztiak. Zapore gozoa uzten du ahoan My Mexican Bretzelek eta, mingainaren puntan, betiko galdera: ez ote da zinema, ederrena izateagatik, gezurrik handiena?