Aurten, Mendi film ere —nola ez— bizi dugun pandemiara egokitu egin behar izan da. Eta esan beharra dago zoragarri egin duela: batetik, ohiko emanaldiak eskaini ditu Bilboko aretoetan; eta bestetik, Vimeora igo ditu katalogoko film guztiak, online ikusteko aukera emateko (oraindik badago!).
Edizio honetan Everest the hard way —publikoaren saria eskuratu duena— gailendu da nire ustez; bertan, eslovakiar talde batek 1988an egindako saiakera erakusten da mendigoizaletasunaren muinak eta kontraesanak bere gordinean agerian utziz. Halaber —eta betiere idazten ari denak ikusitakoen artean— aipagarria gertatu da A dream of Edwin Drummond britaniarra (gidoi onenaren saria); hemen, bere zaharrean eta jadanik parkinsonak jota dagoela, Galeseko eskalatzaile eta poetaren atzera-begirako zirraragarri bat erakusten zaigu. Era berean, ikusgarria suertatu zait Free as Can be iparramerikarra eta bereziki gomendatuko nieke eskalada praktikatzen dutenei. Rapela maitez gero, haatik, Salto is the king-ek ez dizu kale egingo, eta munduko ur-jausi luzeenak eta arroilarik zutenak bisitatuko dituzu.
Mendian hil, hirian hil Iñaki Peñaren lanak eraman du euskarazko film onenaren saria; zuzendariak, bizitzaz eta heriotzaz hausnartzeaz gain, berauek mendi goi zorrotzekin duten harreman bereziaz ere badihardu. Era berean, ezin utzi aipatu gabe antolatu diren solasaldiak, erakusketak eta bestelako ekitaldiak.
Aurten, gainera, Iñurrategi anaiak, mendiari bihotz emanak eleberri grafikoa argitaratu eta aurkeztu da. Horren harira, nahiz eta estreinaldia ez izan, berriro izan dugu Hire Himalaya (2001) Alberto Iñurrategik Felix anaiari eskaini zion omenaldia ikusteko aukera; Koldo Izagirreren testu sarkorrekin ondutakoa, dagoeneko klasiko bilakatu da film hau euskal zinemagintza laburraren historian. Eskerrik asko, antolatzaileok, ostera ere ikusteko parada emateagatik.
Orain, beraz, erne ibili Menditourrera; izurritea lagun, berehalaxe hasiko da-eta emanaldiak eskaintzen hainbat hiri eta herritan besteak beste: Donostian, Leioan, Tolosan, Igorren, Zangozan…