Hillary – Ocean to Sky (2019) filmak irabazi du BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiko Sari Nagusia. Euskal zinemari dagokionez, Mendian hil, hirian hil (2020) dokumentalak jaso du euskarazko film onenaren Eguzkilore saria.
Sir Edmund Hillaryren azken espedizio handia izan zena dakar gogora Michael Dillon zuzendari australiarraren lan irabazleak, 1977an Ganges ibai sakratuan gora motordun txalupetan eginiko espedizioa, Himalaiako Akash Parbat mendi tontorrean burutu zena. Mendi Film jaialdiaren Sail Ofizialean lehiatu diren beste 53 filmeri gailendu zaie Hillary – Ocean to Sky (2019) filma. AEBtik, Espainiatik eta Frantziatik heldutako lanak dira gehienak, baina badira ere Alemaniatik, Australiatik, Eslovakiatik, Erresuma Batutik, Euskal Herritik, Finlandiatik, Greziatik, Hego Koreatik, Italiatik, Kanadatik, Norvegiatik, Poloniatik, Suitzatik eta Zelanda Berritik jasotakoak ere.
Halaber, ondorengoak izan dira dira Euskal Herrian ekoitzitakoak:
- Romain Jamet zinemagilearen Iparraldean
- Ruben Crespo Perezen Aterpean ateri
- Mikel Sarasolaren The Tears of Shiva
- Mattin Zeberio Larrazaren Urmuga
- Iñaki Peña Bandres sendagilearen Mendian hil, hirian hil
Hain zuzen, azken honek jaso du euskal filmarik onena saritzen duen Eguzkilore saria. Heriotzaren aurrean igaro beharreko dolua du aztergai Iñaki Peña sendagileak Aulki Hutsak, S(U/A)minetik bakera eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian estreinatu duen Mendian hil, hirian hil (2020) dokumentalekin osatutako trilogian.
13.edizioa
Mendia protagonista duten zein bestelako istorioak kontatzeko aitzakia eta testuingurutzat erabiltzen duten nazioarteko proiektu bikainenak bildu ditu ekimenak, eta haien egile zein bultzatzaileentzat topagune ezin aproposagoa bilakatu da Bizkaiko hiriburua, emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatu baitituzte. Horren erakusle da, besteak beste, urtez urte deialdiari erantzuten dioten profesionalen kopurua: aurten, esaterako, 175 lan bidali zituzten festibalera, sekula baino gehiago.
Lanok Bilboko Euskalduna Kongresu Jauregian, BBK aretoan eta Azkuna Zentroan izan dira ikusgai, eta COVID-19 gaitzaren pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun neurri eta muga berriei jarraiki egin dituzte emanaldiak. Horrez gain, Bilbotik kanpo hurbildu ohi ikusleei jaialdiaz gozatzeko aukera eskaintzeko ahaleginean, aurrenekoz online jarraitu ahal izan dira saioak; hala nola, filmen proiekzioak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta ekitaldi bereziak.
Ezagutu hemen palmares osoa.