Jone Laspiur donostiar gazteak hiru proiektu estreinatu ditu 68. Donostia Zinemaldian: Pablo Agüero zuzendari argentinarraren Akelarre filma, eta David P. Sañudo zinemagile bilbotarraren Ane luzea eta Alardea telesailaren lehen kapituluak. Aktore gisa egin dituen lehen lanak izan dira Laspiurrentzat, eta ustekabean etorritako aukera gustura hartu du, horren aldeko apustua egitea erabaki baitu Madrilera antzerki fisikoa ikastera joanda.

Arte Ederrak ikasi zituen, eta Koban eta Nogen musika taldeetan zebilen abeslari, Akelarre proiektuan parte hartzeko aukera suertatu zitzaion arte. “Kanpotik etorritako zerbait izan da, baina sekulako bultzada eman dit eta nahi nuen zerbait dela ohartu naiz”, azaldu digu. Egun batetik bestera, lana utzi eta errodatzen hasi zen, zinemagintzaren tripak, errodajeetako dinamikak eta mundu honek dakarren guztia zuzenean eta bat batean ezagutu eta bere eginez. Emakume indartsuak gorpuztea egokitu zaio, testuinguru ezberdinetan bada ere, barruko ezinegona eta grina atera eta sistemaren aurka egin duten andrazkoak. “Ez zait zaila egin paper horiek lantzea haien motibazioak ulertu ditudalako”. Hala ere, orain arte egindakotik aldentzen den zerbait probatzea gustatuko litzaiokeela aitortu digu.

Azaroan Donostian elkartu ginen, eta jarraian duzue elkarrizketaren laburpen-bideoa.