Black is Beltza 2: Ainhoa filmaren prestaketa lanetan dihardu Fermin Muguruzak, orain bi urte Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen ekoizpenaren jarraipena izango den proiektuan. Filma 2022ko Zinemaldian estreinatu ahal izatea da asmoa.

Alberto Moyano kazetariak Diario Vasco egunkarian azaldutakoaren arabera, gidoia prestatzen eta idazten hainbat hilabete eman ondoren, Europan eta Euskadin zinema-proiekturako lortutako laguntzek bermatu diote Irungo musikari eta zuzendariari proiektua aurrera eraman ahal izateko oinarri ekonomikoa. Aurreko lanarekin bezala, filma euskaraz egingo da, eta gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz azpititulatuko dute.

Manex Unanueren alaba, Ainhoa, izango da protagonista eta Gerra Hotzaren amaieraren kokatuko da. Lehen filmeko gertakari horietatik bi hamarkada beranduago jaio zen alaba La Pazen (Bolivia), eraso parapolizial baten ondorioz Amanda ama hil ondoren. Gaztea Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen aitaren lurra ezagutzera.

Euskal Herrira egindako bidaia horretan, Azken Guda Dantza emanaldira joateko aukera izango du, Kortatu taldeak eskainitako azken kontzertua. Horrez gain, Josune kazetari konprometitua eta haren adiskideak ezagutuko ditu ere; garaiotako gazte belaunaldian heroinak utzitako arrastoa gertutik bizituko du, eta narkotrafikoak gogor astindutako Kabul, Sobietar Batasuna eta Marsella bezalako helmugak ezagutzeko aukera izango du.

Muguruza bera arduratu da gidoiaren idazketaz, eta Harkaitz Cano idazlearen laguntza izan du horretarako. Halaber, Talka Records & Films eta Ambra Projectes Culturals ekoiztetxeen babesa izango du proiektuak, eta Musergok landutako soinu banda.

Ondo bidean, 2021eko Donostia Zinemaldian estreinatu nahi dute.