Pablo Agüeroren Akelarre eta David P. Sañudoren Ane dira, besteak beste, datorren otsailaren 8an Madrilen banatuko dituzten Espainiako Zinema Berriemaileen Elkartearen Feroz sariak eskuratzeko euskal hautagaiak. Aktoreen artean, Amaia Aberasturi (Akelarre) eta Patricia López Arnáiz (Ane) ere ageri dira.

Azaro hasieran jakin genituen Espainiako Zinema Berriemaileen Elkartearen 2021eko Feroz sarietarako behin behineko hautagaiak nortzuk ziren, eta azken galbahea igarota, atzo ezagutarazi zuten behin betiko lan eta profesionalen zerrenda. Euskal filmei dagokienean, bi izan dira azken zerrendara igarotzea lortu duten lanak: Pablo Agüero argentinarrak Donostia Zinemaldian estreinatu zuen Akelarre, batetik, eta jaialdi bereko Zuzendari Berriak atalean argia ikusi zuen David P. Sañudoren Ane, bestetik, film dramatiko onenaren kategorian. Dokumentalen ataleko proposamenak, aldiz, abenduaren 21ean emango dituzte aditzera.

Ane filmak, gainera, gidoi onenaren kategorian lortu du hautagaitza, Marina Parés Pulidok eta David Pérez Sañudok osatutako testuagatik, eta Patricia López Arnáiz ere emakumezko aktore onenaren atalean ageri da. Akelarre filmaren kasuan, ostera, ondorengo hautagaitzak eskuratu ditu:

  • Emakumezko aktore onenaren kategorian, Amaia Aberasturi
  • Taldeko gizonezko aktore onenaren kategorian, Alex Brendumühl
  • Jatorrizko musika onenaren kategorian, Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja
  • Trailer onenaren kategorian, Marta Longas eta Rafa Martinez
  • Kartel onenaren kategorian, Natalia Montes

Taldeko gizonezko onenaren kategorian, Ramon Barea ere ageri da La boda de Rosa (Icíar Bollaín) filmean egindako lanagatik, eta telesailei dagokienez, Patria proposamen polemikoak hainbat kategoriatan eskuratu ditu hautagaitzak:

  • Telesail dramatiko onena
  • Emakumezko aktore onenaren kategorian, Ane Gabarain eta Elena Irureta
  • Taldeko gizonezko aktore onenaren kategorian, Mikel Laskurain eta Eneko Sagardoy
  • Taldeko emakumezko aktore onenaren kategorian, Loreto Mauleon

Sari banaketa ekitaldia otsaialren 8an egingo dute Madrilen, eta ohiko afariko mahaien ordez, antzokiko eserlekuetan jarriko dira gonbidatuak, % 50eko edukiera izango duen aretoan. Ekitaldia, dena den, YouTubeko kanalaren bidez ere jarraitu ahal izango da. Informazio osagarria, Feroz sarien sare sozialetan topatuko duzue.