Ikusleen harrera beroari eutsi dio 2020. urtean ere BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiak. Festibal erdia igaro denean iragarritako datuen arabera, 3000tik gora zenbatu dituzte Bilboko aretoetan: Euskaldunan, Sala BBK aretoan eta Azkuna Zentroko Golem zinemetan.
Mendia eta abentura oinarri dituen jaialdiaren 13. edizio berezi honek aretoak lepo beteko direnaren aurreikuspenarekin egingo die aurre bere azken bost egunei. Onlineko eskaintzak utzitako datu onak nabarmendu dituzte ere antolatzaileei, eta pozik azaldu dira publikoak, beste behin, erakutsitako babesarekin.
Antolatzaileek zabaldutako datuen arabera, abenduaren 4an hasi eta zubi amaierara bitartean igaro diren bost egunetan 3000 ikusle bertaratu dira areto ezberdinetan ospatutako emanaldietara. Euskalduna (300 pertsonako aforoa), Sala BBK (120) eta Golem zinemetako (120) saioetako sarrerak agortu egin dira maiz; “sekulako giroa” izan da nagusi, eta, garrantzitsuena, publikoak arduraz erantzun du egun bizi digun pandemiak eragindako neurriek sortutako aldaketen aurrean.
Azken txanpan sartu berri badira ere, oraindik izango da nabarmentzeko saiorik programazioan:
- Abenduaren 11n 19:00etan Euskalduna Jauregian: Muturreko eskalada pandemia garaian, Pou anaien eskutik.
- Abenduaren 12an, 18:00etan BBK aretoan: Shakhur 1976 & Everest 1980. Euskal eta poloniar himalayismoa senidetuta.
Jaialdiaren inguruko informazio zabalagoa, programazio osoa eta sarrerak erosteko loturak topatuko dituzue BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren atarian.