Urtea amaitzeko falta diren 23 egunetik erdietan (11, orotara) emanaldiak egingo dituzte Nafarroako Filmotekan. Luchino Visconti zinemagileari eskainitako zikloak, Nafarroan ekoitzitako bi proposamenek, Abel Ferrararen Tommaso drama berrienak eta Helena Taberna zinemagilearen Varados dokumentalak osatuko dute abenduko egitaraua.

Eguraldia lagun, zinema izango da abenduko protagonista Nafarroako hiriburuan. Izan ere, urtea amaitu aurretik, dozena bat saio programatu dituzte arratsalde ilun eta euritsuei goxotasuna emateko. Saio gehienak Luchino Visconti esencial zikloarenak izango dira, zinemagile italiarraren filmografia errepasatzen ari baitira Nafarroako Filmotekan iragan urri amaieratik. Urtea amaitu aurretik, ondorengo lau lanak izango dira ikusgai:

  • Abenduak 9, asteazkena, 17:45ean: Il gatopardo (El gatopardo, 1963).
  • Abenduak 15 eta 16, asteartea eta asteazkena, 18:00etan: La caduta degli Dei (La caída de los dioses, 1969).
  • Abenduak 22 eta 23, asteartea eta asteazkena, 18:30ean: Morte a Venezia (Muerte en Venecia, 1971)
  • Abenduak 29 eta 30, asteartea eta asteazkena, 18:30ean: L’innocente (El inocente, 1976)

Horrez gain, Nafarroan ekoitzitako filmei ere egingo diete tartea, ohi bezala:

  • Abenduak 10, osteguna, 18:30ean: Dantza (Telmo Esnal, 2018). Filmeko lan-taldea emanaldian izango da, eta saioaren aurkezpenean zein ondorengo solasaldian hartuko du parte.
  • Abenduak 18, ostirala, 19:00etan. El camino (Ana Mariscal, 1963). Filmean parte hartu zuen Joanquín F. Roa aktoreari buruzko liburua editatu du Nafarroako Filmotekak, Patxi Benaventek idatzitakoa; bada, Benavente bera arduratuko da saioren aurkezpenaz.

Beste bi saioak emanaldi bereziak izango dira, Gobernuz Kanpoko hainbat Erakundek egunotarako antolatu duten XVI. Giza Eskubideen eta Migrazioaren Astearekin eta El Ateneo Presenta… zikloarekin elkarlanean.

  • Abenduak 11, ostirala, 19:00etan: Varados (Helena Taberna, 2019) dokumentala eskainiko dute, giza eskubideen aldarria egiteko, eta zuzendaria bera saioan izango da.
  • Abenduak 17, osteguna, 18:30ean: Tommaso (Abel Ferrara, 2019) eskainiko dute, Miguel Zozayaren aurkezpenarekin.