Azaro amaieran egin zuten Errenteriako Film Laburren Jaialdiaren XXV. edizioa, eta aretoaren edukiera zein gonbidatuen kopurua murriztu bazituzten ere, ohiko itxura mantentzeko egindako ahaleginak tarteko, festibalaren emankizun guztiak presentzialki egin zituzten, eta irabazle ia guztiak sari-banaketa ekitaldian izan ziren. 

Azaroaren 26tik 29ra luzatu da aurten Errenteriako Film Laburren Jaialdia, eta lau irabazleen artean, hiru euskaldunak izan dira. Lehen hiru egunetan lehiaketako 30 filmak eskaini zituzten Mikel Zumeta Zinea atariko ordezkariaren gidaritzapean, edukiera murriztutako Niessen aretoan, eta azken egunean, igandea, sari-banaketa ekitaldia egin zuten Leire Canoren eskutik. Gainera, nazioarteko jaialdietan sari andana erdietsi dituzten Dustin (Naïla Guiguet, 2020), All inclusive (Corina Schwingruber Ilić, 2018) eta Intermission expedition (Wiep Teeuwisse, 2019) filmak ikusteko aukera izan zen galan, eta jaialdiaren 25 urteko ibilbidearen errepasoa egin zuten aurreko edizioetan saritutako lanen bidez.

Aurtengoan, dena den, lau sari banatu zituzten orotara. Ikus-entzuleen bozak kontuan hartuta, Ibon Goikoren eta Aitor Mendilibarren Irten Barrura laburrak jaso zuen 300 euroko ikusleen saria. Aldiz, Ion Collar Errenteriako Udaleko Kultura zinegotziak eta Patri Arocena teknikariak, Izaskun Arandia gidoilari eta ekoizleak, Xabier Cereceda zinemagileak eta Donostia Zinemaldiko lan-taldeko kide Amaia Serrullak osatutako epaimahaiak hiru sari eman zituen:

  • Ion Arretxe Sari Nagusia Paul Urkijo gasteiztarraren Dar-Dar beldurrezko laburrak eraman zuen. 1.200 euro eskuratu zituen, eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik eman zion garaikurra. Sitgeseko Festibalean eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean saritu dute lana, halaber.
  • Euskarazko film labur onenaren saria Maria Elorza eta Koldo Almandozen Quebrantos lanak jaso zuen. 2020ko Kimuak katalogoan ere hautatua izan den lanak 800 euroko garaikurra jaso zuen.
  • Aipamen berezia, azkenik, Martin Smatana zinemagile eslovakiarraren Sarkan filmarentzat izan zen, 800 euroko garaikurra. Sortzaileak ezin izan zuen ekitaldian parte hartu, baina bideo bat helarazi zuen sorterritik.
0