Santa Cruz Tenerifekoan egin duten DocuRock Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren seigarren edizioan saritu berri dute Natxo Leuza zinemagilearen El Drogas lana, Enrique Villarreal musikari iruindarraren “erretratu gizatiarra egiteagatik eta musikari protagonismo handia emateagatik”. Lanak jasotzen duen lehen aintzatespena da.
Iragan irailean Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean ikusi zuen argia Natxo Leuzaren proposamenak. “Honakoa Enrique Villareal El Drogas-en historia da”, dio gaztelaniazko Rock & Rollaren panoraman eragin handia izan duen figuraren ibilbidea eta argi-ilunak erakusten dituen ikus-entzunezkoaren sinopsiak, artista bereziaren erretratu emozionala eginez.
Bada, lanak Santa Cruz Tenerifekoan azaroaren 5etik abenduaren 3ra egin duten DocuRock Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian hartu du parte, beste lau proposamenekin lehian: Rolling Stones. Vida y muerte de Brian Jones (Danny Garcia, 2019), La reina Guajira (Altahay González, 2020), PJ Harvey: a Dog Called Money (Seamus Murphy, 2019) eta Piélago (Saot ST, 2020). Hala, Eduardo García Rojas zineman eta literaturan espezializatutako kazetariak, Kim Simmons musikariak eta Kiko Castro musika ekoizleak osatutako epaimahaiak Natxo Leuzaren proiektuaren alde egin du, eta jaialdiaren sari nagusia eman diote.
Filmak jasotzen duen lehen aintzatespena bada ere, urtarrilean Madrilen banatuko diren José María Forqué Sarietan ere hautagaia da film luze dokumentalen kategorian, eta abenduaren 10etik 19ra Valentzian egingo duten DocsValència. Espai de No Ficció jaialdian ere hartuko du parte.