Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas zuendarien Non dago Mikel? (2020) lana saritu dute Lauaxeta sarien 16. edizioan, dokumental formatuko ikus-entzunezko lanak nabarmentzen dituen kategorian. Jon Gerediaga eta Elena Olave izan dira 2020ko sariketaren beste irabazleak.

1985ean Mikel Zabalza gazte nafarra desagertu zuteneko kontakizuna eskaintzen du filmak, Guardia Zibilak ETAko militante izatearen akusaziopean atxilotu eta Intxaurrondoko komisaldegira eraman zuenekoa. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua, azkenean, Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela jakina den arren, inoiz ez dute inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia jakin nahian jarraitzen du.

Lana saritzea erabaki duen epaimahaikideek azaldutakoaren arabera, “hausnarketarako begirada bat” eskaintzen du Non dago Mikel? (2020) dokumentalak, eta “duela 35 urteko gertaerak eta testigantzak berreskuratuta eta dagokien gordintasunez azalduta”, ezagutza eta oroimenerako ariketa bikaina proposatzen du. Amaia Merino eta Miguel Ángel Llamas zuzendariek jaso dute errekonozimendua.

Iragan Donostia Zinemaldiaren 68. edizioan ere, aho batez erabaki zuen Irizar epaimahaiak  Non dago Mikel? (2020) filmari aipamen berezia egitea: “Giza eskubideen urraketa lazgarri eta sistematikoaren testigantza erakusteagatik”.