Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen Udalbiltza erakundeak literatur lanak, film laburrak eta antzezlanak euskaraz sortzeko 30 egonaldi artistiko eskainiko dituen Geuretik Sortuak egitasmoa jarri du martxan. 2021 osoa eta 2022aren lehen erdia hartuko ditu proiektuak, eta emaitzak bistaratzeko zirkuitua antolatuko dute.

Asteartean, abenduak 2, aurkeztu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortuak kultur proiektua Durangoko Plateruena Antzokian, eta erakundeko zein ekimenean parte hartuko duten herrietako udalen ordezkariak izan ziren agerraldian. Proposamenaren iturburuan pandemiak eragindako hausnarketa dago, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela agerian utzi baitzuen osasun krisiak, are gehiago, bi estaturen artean eta hiru administraziotan zatituta dagoen lurraldean.

Egoera hori iraultzeko asmoz, Geuretik Sortuak izeneko proiektua jarri du abian Udalbiltzak, kultur sorkuntzak zabaltzerako orduan aliaturik garrantzitsuenak diren udalerriei protagonismoa emanez. Hala, lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, 25-30 udalerri hautatu dituzte, tartean, Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Lesaka, Bera, Amasa-Villabona, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Bergara eta Andosilla, proiektuen sormen laborategi eta eszenatoki bilakatzeko. Hemen ikus ditzakezue guztiak.

Faseen datak eta ezaugarriak

Proiektua lau fasetan garatuko dute. Lehenengo aldia 2020ko irailetik abendura gertatzen ari da; herrien artean elkarlana sustatzeko eta ekimenera bat egiteko epea izaten ari da. Bigarrena, aldiz, 2021eko lehen erdian gauzatuko dute; proiektuak jasotzeko deialdi publikoa egingo dute orduan, Udalbiltzak kulturgileak hautatu ahal izateko, eta haietako bakoitzari herri edo herri-multzo bat esleituko zaio, literatur lan bat, antzezlan bat ala film labur bat garatu ahal izateko. Hainbat aste igaroko dituzte egokitutako lekuan artelana sortzen.

2021eko azken hiruhilekotik 2022ko lehen erdira luzatuko den hirugarren fasean, ostera, lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dituzte Euskal Herri osora zabalduko den zirkuituaren bidez. Aurreikuspenen arabera, eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau antzezlan inguru eta film labur guztiak biltzen dituen lan luze bat eskainiko dituzte saio horietan. Honenbestez, bilduma egingo duen argitaletxea, filmaren muntatzailea eta antzezlanak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo dute garai honetan.

Eta 2021 amaieran, laugarren fasean, helburuen betetze-maila eta proiektuaren balorazioa egingo dituzte. Horren arabera, hurrengo edizioaren diseinua eta garapena egokituko dituzte, herri gehiagotara iristeko eta kultur adierazpide gehiago landu ahal izateko.

Ekimenaren inguruko xehetasun gehiago dituzue Udalbiltzaren webgunean.