Mendi biluzia (2020) Nanga Parbatera neguan egindako igoera azaltzen duen filma aurkeztuko du Alex Txikon alpinistak gaur iluntzean, Galdakaon. Torrezabal Kultur Etxean egingo dute emanaldia, 18:30etatik aurrera.
Alex Txikon alpinista bizkaitarrak ekoitzi eta zuzendutako film luzea da Mendi biluzia (2020). 2016ko otsailaren 26an Nanga Parbat mendiaren gailurrera (8.125 m) igo zenekoak kontatzen ditu. Neguan sekula lortu gabeko balentria izan zen; espedizioaren irudiak bildu, COVID-19ak behartutako konfinamenduaz baliatu zen Txikon edizio lanak gauzatu eta proiektuari forma emateko.
Hala,Txikonek errodatutako irudi argitaragabeak izango dira filmaren ardatza, bai eta Red Bull Media Housek proiektuari emandako aireko eszena ikusgarriak ere. Ikusleek neguko espedizio baten muinean eta gogortasunean murgiltzeko aukera izango dute, eta gailurrera iristearen garrantzia ulertzekoa; baina, batez ere, kanpamentu nagusira iritsi ahalko dira. Izan ere, alpinista bizkaitarrak dioenez, “gailurrera iristen zara, gainerako taldekideekin batera kanpamentu nagusira itzultzea lortzen duzunean”.
Filma Galdakaon aurkeztuko dute gaur, abenduaren 2an, 18:30etatik aurrera Torrezabal Kultur Etxean. Txikonek berak aurkeztuko du saioa, eta, amaieran, ikusleek izan ditzaketen galderak erantzungo ditu.