Nafarroak eta Belgikako Valonia eskualdeak memoranduma sinatu dute ikus-entzunezko industria sustatzeko asmoz. Puntako teknologia baliatu dute, aurrez aurre egon gabe, ekitaldi ofiziala gauzatzeko. Memorandumak hiru urteko iraupena izango du oraingoz, eta jardunbide egokiak zein inbertsioan, formakuntzan, talentuaren erakarpenean eta finantziazioan esperientziak partekatzeko balioko du.
Nafarroako Garapen Ekonomiko eta Enpresarialaren kontseilari eta SODENA Nafarroaren Garapenerako Elkartearen presidente Manu Ayerdik eta Valoniako Gobernuak kudeatutako Wallimage ikus-entzunezkoen sustapenerako fondoaren zuzendari exekutibo Philippe Reynautek bi lurraldeen arteko memoranduma sinatu zuten iragan ostiralean, azaroak 27, ikus-entzunezko sektoreari lotuta, elkarlana bultzatzeko. 3D teknologia baliatu zuten mahai berean zeudela irudikatzeko, eta haiekin izan ziren Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuaren Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia eta Virginie Nouvelle Wallimage fondoaren zuzendaria.
Nafarroaren kasuan, sorkuntzari lotutako industriak puntako sei sektore primarioenen artean daude; horren erakusle dira Lekarozko Enpresaritza Campusean kokatutako Melitón Estudioak eta gaian espezializatutako ikasketa zentroak. “Azken urteetan gero eta errodaje gehiago hartu ditu Nafarroak, baita animaziozko proiektu gehiago landu ere, eta entitate publikoek zein enpresa pribatuek elkarlanean egin dugu lan ikus-entzunezkoen sorkuntza bultzatzeko”, adierazi zuen Ayerdik.
Valoniari dagokionez, Wallimage fondoak bi hamarkada daramatza lanean, eta 89 milioi euroko inbertsioarekin 435 proiektu babestu ditu. Gainera, 36 enpresaren sorkuntzan hartu du parte, eta lurraldean izandako eragin ekonomikoa 350 milioitik gorakoa da.
Elkarlanaren helburuak
Animaziozko sorkuntzaren finantziazioa izango dute jomugan, eta Nafarroaren eta Valoniaren arteko koprodukzioak eragingo dituzten tresnak garatuko dituzte, hala nola, diru-laguntzak, kapitalaren inbertsioak eta mailegu parte-hartzaileak. Era berean, zerga pizgarriak eta aterpe fiskalak uztartzeko aukerak aztertuko dituzte, bi lurraldeak nazioarteko merkatuan lehiakorrago egiteko.
Gazte profesionalentzako aukera berriak sortzeko, halaber, industriaren beharrei erantzungo dion etengabeko formakuntza estrategia landuko dute, tokiko eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Memorandumak hiru urteko iraupena izango du printzipioz, eta epe horretan ikus-entzunezko proiektuak elkarrekin ekoizteko oinarriak ezartzeko egingo dute lan SODENAk eta Wallimagek.