Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren ama (2019) lanak, Handia eta La Trinchera infinita filmetan aritutako lan-talde beraren proposamenak, film labur onenaren saria irabazi du Malaga 4K Fest jaialdiaren bosgarren edizioan. Iragan azaroaren 20an ospatu zuten hitzordua.

Lehenbiziko aldiz, ospatu dute 2020ean 4k teknologiaren bitartez grabatutako film laburrei eskainitako jaialdia. Osasun egoerak horrela baldintzatuta, online bidez gauzatu behar izan dute, eta Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren Mateoren Ama (2019) filma izan da garaile. Sari nagusia jasotzeaz gainera, filma zuzendaritza onenaren aintzatespena jaso du ere, Medina Media Events enpresak Malagako Zinema Jaialdiaren laguntzarekin antolatutako lehiaketan.

“Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, Angel Marik zahar-etxera joan eta bisita egitea erabakiko du. Baina ez da erraza izango, seme-alabak ezagutzen ez dituen amona ez baitu hurbil sentitzen”. Mateoren ama laburrak gaurkotasun handiko familiarteko drama du oinarrian, Iban Zalduak idatzitako Ama kontakizunetik abiatuta. Proiektua 2019an aurkeztu zuten, eta Euskadiko Filmategiaren Kimuak katalogoaren bidez zabaldua izateko hautatu zuten orduan. Geroztik hamaika sariketatan izan da, eta asko izan dira proiektuaren indarra eta sentikortasuna nabarmendu duten ahotsak.

Esaterako, urriaren 6tik 18ra egin duten Madrilgo Zinema Jaialdiaren 29. edizioan lehiatu da berriki proiektua, film laburren atalean, beste 50etik gora lanekin batera, eta Espainiar estatuko gidoigileen sindikatu nagusia den ALMAk film laburren gidoi onenaren saria eman dio.