Espainiar estatuko zinemagintza sustatzea helburu duten Forqué Sarien 26. edizioa datorren urtarrilean egingo dute, eta hamar kategorietako hautagaien berri eman dute asteburuan. Horien artean badira hainbat euskal ekoizpen, hala nola, Pablo Agüeroren Akelarre eta Natxo Leuzaren El Drogas.
EGEDA Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak 1996az geroztik ematen ditu Jose María Forqué sariak, balore tekniko eta artistiko esanguratsuenak dituzten filmak saritzeko eta Espainiako ikus-entzunezkoak ezagutarazteko helburua duten garaikurrak. Iaz, esaterako, Jon Garaño, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zinemagileen La trinchera infinita filmak lortu zuen fikziozko film luze onenaren saria, eta 2018an Handia (Garaño eta Goenaga) ere hautagaia izan zen. Bada, aurten ere badira hainbat euskal proiektu eta profesional hautagaien artean.
Fikziozko eta animaziozko film luze onenaren kategorian, esaterako, Pablo Agüerok Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen eta arrakasta polita izan zuen Akelarre topatu dugu, Salvador Calvoren Adú, Iciar Bollaínen La boda de Rosa eta Pilar Palomeroren Las niñas ekoizpenekin batera. Dokumental onenaren atalean, ostera, Natxo Leuzaren El Drogas lana Laura Hojmanen Antonio Machado. Los días azules, Paula Palaciosen Cartas mojadas eta Luis López Carrascoren El año del descubrimiento ikus-entzunezkoekin lehiatuko da.
Horrez gain, telesail onenaren kategorian, Elena Irureta, Mikel Laskurain, Ane Gabarain, Jose Ramon Soroiz, Loreto Mauleon, Iñigo Aranbarri, Susana Abaitua, Jon Olivares eta Eneko Sagardoy euskal aktoreen parte-hartzea duen Patria lan polemikoa dago. Irureta eta Gabarain, gainera, emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko hautagaiak dira telesailen kategorian, eta filmen atalean aintzatespen bera eskura dezake Patricia López Arnaizek, David P. Sañudoren Ane filmean egindako lanagatik. Hautagai guztien zerrenda ikus dezakezue Forqué sarien webgunean.
Ekitaldia
Sari-banaketa ekitaldia urtarrilaren 16an, larunbata, egingo dute Madrilen, eta ordura arte, EGEDA elkartearen bazkide diren 2.000tik gora profesionalek kategoria bakoitzeko hautagaian artean boza emateko aukera izango dute. Zorte on denoi!