Iragan larunbatean, azaroak 28, banatu zituzten 43. Euskal Zine Bilera jaialdiaren sariak, eta festibala bera bezala, sari-banaketa ekitaldia ere online egin zuten jaialdiaren webgunearen bidez. Bada, epaimahaiak hiru sari nagusi banatu zituen, eta film onenaren garaikurra Bego Vicariok zuzendutako Ehiza animaziozko lanarentzat izan zen.

Hemeretzi film laburrek osatu dute aurten Lekeitioko Euskal Zine Bilera festibaleko Lehiaketa atala, eta azaroaren 23tik 26ra izan ziren ikusgai jaialdiaren plataforman. Epaimahaia Aitor Oñederra, Erika Olaizola eta Mikel Rueda zinemagileek osatu zuten, eta garaileak hautatzea “erronka handia” izan dela azpimarratu zuten, lanen maila handia tarteko. Hain zuzen, genero eta izaera oso ezberdinetako proiektuek hartu dute parte aurtengo edizioan, istorio ikusgarri eta interesgarriak nagusi.

Bada, ondorengoa da 43. Euskal Zine Bilera jaialdiaren palmaresa:

Film onenaren saria, Bego Vicario zinemagilearen eta haren taldearen Ehiza animaziozko proiektuarentzat. “Proposamen ausarta eta animazio lan ikusgarria da, rotoskopia teknika maisuki erabiltzen duena, erritmoa bikain mantenduz”, azaldu dute epaimahaikideek, eta 1.900 euroko Urrezko Antzarra saria eman diote.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikorentzat, Irten barrura filmagatik. “Begirada berrezi eta erakargarria aurkezten duen filma” dela nabarmendu du epaimahaiak. 1.600 euroko Zilarrezko Antzarra saria eskuratu dute.

Gidoi onenaren saria, Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik filmarentzat. Bigarren 1.600 euroko Zilarrezko Antzarra eskuratu du “isiltasun eta begiradekin errealitate garden bat aurkezteagatik”.

EiTB Ikusleen saria ere Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik filmak erdietsi du, eta 750 euroko Zilarrezko Antzarra jaso du. Boto gehien jaso duen lana izan da, eta 5etik 4,61 puntu izan ditu, batez beste.

Epaimahaiaren aipamen berezia, azkenik, Ekain Albiteren Haizearen egia filmarentzat izan da, “saharar eta euskal kulturaren arteko talka hain ondo islatzeagatik”.

Euskal Zinemaren Begirada

Epaimahaiak zein ikusleek banatutako bost sari horiez gain, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko Euskal Zinemaren Begirada izeneko saria ere banatu zuten larunbateko ekitaldian, eta Pascal Gaigne musikaria izan zen garailea. Musikagileak urteetan zehar euskal zineman egin duen ekarpena omentzea eta bere lana ezagutarazi eta aitortzea izan ditu helburu garaikurrak. Aitor Abaroak sortzaileari egindako erreportajea eskaini zuten, jaialdiaren atarian ikusgai jarraitzen duen ikus-entzunezkoa.