Berri Txarrak taldearen Ikusi arte biraren jarraipena egin duen eta bandak nazioartean dituzten zaleen lagin bat erakusten duen Dardara filmak datorren udaberrian ikusiko du argia. Marina Lameiro (Iruñea, 1986) aritu da zuzendari lanetan, eta Arena Comunicación eta Txalap.art dira ekoiztetxeak. Filmak, halaber, Gorka Urbizu liderra geldialdi mugagabea egitera eraman duten arrazoiak ere erakutsiko ditu.

Nazioartean zein gurean proiekzio eta jarraitzaile gehien dituen euskal rock taldeak orain urtebete, 2019ko azaroaren 23an, eskaini zuen Iruñeko Navarra Arenan Ikusi arte bira gogoangarriari eta bandaren 25 urte ibilbideari “amaiera” eman zion kontzertu borobila. Hilabete batzuk lehenago iragarri zuen Urbizuk geldialdi mugagabea egiteko asmoa, eta Euskal Herriko zein nazioarteko tamaina guztietako dozenaka aretotan izan ziren beren jarraitzaileen musika grina aseko zuten azken akordeak eskaintzen.

Bada, birako irudi horiekin dokumental hutsetik eta efektismotik aldenduko zen zerbait egin nahi zuten musikariek, zinemarako produktu bat sortu, eta horregatik jo zuten Marina Lameiro “kontsakratu gabeko” sortzaile gaztearengana. Bera da 25 urteko ibilbideagatik jarraitzaileei esker ona agertzea eta agurra zinematografikoki erregistratzea helburu izan duen Dardara lanaren egilea.

Hala, udaberrian aretoetara helduko den proposamenak hiru ardatz nagusi izango ditu. Batetik, birako zuzenekoen irudiak, beti ere, plano ikusgarrietatik aldenduz eta entzuleen hurbileko planoei lehentasuna emanez, kontzertua nola bizi duten erakusteko. Bestetik, taldeak nazioartean zein Euskal Herrian dituen zenbait jarraitzaileren bizitzetan sartu-irtenak egin dituzte, Berri Txarrakekiko duten pasioa ulertzen laguntzeko. Eta azkenik, Urbizuren eta taldekideen jarraipena egin du, eta lehenengoak taldea modu mugagabean uzteko hartutako erabakiaren atzean dauden zergatiak kontatu ditu. “Pelikulak sortzailearen, obraren eta publikoaren arteko harremana aztertzen du”, adierazi du Lameirok.

Filmaren trailerra ikusgai dago jada EiTBren atarian, Natxo Velezek Urbizuri eta Lameirori egindako elkarriztearekin batera.

0