Elias Querejeta Zine Eskolak eta Donostia Zinemaldiak, Tabakalerarekin, Euskadiko Filmategiarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuaren bigarren emaitzak ezagutaraziko dituzte abenduaren 4an, ostirala, herritarrei zuzendutako saioan. Jaialdiak zentsura frankistarekin zuen erlazioa du aztergai proiektuak.
Elias Querejeta Zine Eskolaren ekimenez, bertako ikertzaileek, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, abian jarritako egitasmoa da Zinemaldia 70 izenekoa. Programaren lehen urtean Zinemaldiak trantsizio garaian (1976-1980) izandako bilakaera aztertu zuten, eta bigarren fasean 1960 eta 1971 urteen arteko festibalaren garapena landu dute. Hala, hiru zentsura-eszena aztertu dituzte: 1960ko Zinema Ikasleen Lehen Topaketaren inguruko polemika, 1968ko New American Cinema atzera begirako zikloak izandako zailtasunak, eta 1971ko edizio gorabeheratsua, Canciones para después de una guerra (Basilio Martín Patino) eta Liberxina 90 (Carles Duran) filmek jasotako debekuengatik.
Zinemaldia 70 proiektuaren lehen fasea jaialdiaren 70. edizioan amaituko da, 2022an, eta helburua Donostia Zinemaldiaren artxibo bizi bat sortzea da. Izan ere, jaialdiak harreman konplexua izan zuen zentsura frankistaren mekanismoekin, eta bertan proiektatutako hainbat lanek urteak behar izan zituzten pantaila komertzialetara heltzeko.
Aurkezpen saioa
Bada, datorren ostiralean, abenduak 4, 16:30etik aurrera, Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile-buru Pablo La Parrak eta bertan parte hartzen ari diren hainbat aztertzailek lanaren ondorioak azalduko dituzte Tabakaleraren 1. zinema aretoan. Horretarako, Donostia Zinemaldiko artxibo argitaragabeak eta beste bilduma batzuetako dokumentuak hartu dituzte oinarri. Ondorengoa izango da egitaraua:
- 16:30-16:45 – Aurkezpena
- 16:45-17:15 – 1960: Zinematografia Eskolen I. Topaketa – Marcela Hinojosa eta Noemi Cuetos
- 17:15-17:45 – 1968: New American Cinema – Diego Ginartes eta Irati Crespo
- 18:00-18:45 – 1971: Canciones para después de una guerra filmetik Liberxina filmera – Pablo La Parra
- 19:00-21:00 – Emanaldia: Canciones para después de una guerra (99 minutu)
Zinemaldia 70 proiektuak, gainera, hainbat jarduera egin ditu 2020an zehar ikerketaren emaitzak herritarrei jakinarazteko. Irailean, esaterako, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika EHUren udako ikastaroa antolatu zuten, eta Gasteizko Artium Museoan Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko erakusketa dago ikusgai abenduaren 8ra arte.
Xehetasun guztiak, Donostia Zinemaldiaren atarian topatuko dituzue.