Xabier Lete poeta eta kantari handia hil zela hamar urte beteko dira aurten, eta artista oiartzuarra omentzeko, Ni naiz Lete dokumentala eskainiko dute abenduaren 3an, osteguna, Euskararen Nazioarteko Eguna, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Gonbidapenak aurrez eskatu behar dira, osasun-neurriak tarteko.

Xabier Lete poeta eta kantariaren lana eta bizitza omentzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz, Ni naiz Lete dokumentala sortu du Baleuko ekoizpen etxeak. Bertan, artistaren abesti eta poemen inguruko testigantzak eman dituzte euskal idazle, bertsolari eta musikari entzutetsuek, tartean, Kirmen Uribek, Miren Agur Meabek, Gontzal Mendibilek, Mikel Urdangarinek, Miren Amurizak, Ines Osinagak, Unai Iturriagak, Igor Elortzak eta Karmele Jaiok. Horrez gain, Leteren gertukoek, hala nola, Arantxa Lete arrebak, Bernardo Atxaga idazleak eta Antton Valverde abeslariak, bere ibilbidearen eta bizitzaren inguruan adierazpenak egin dituzte, eta zenbait artistaren poesia eta kantak ere jasoko ditu lanak, sortzaileari zioten maitasunaren eta miresmenaren erakusle.

Dokumentala abenduaren 3an, osteguna, Euskararen Nazioarteko Egunean, eskainiko dute Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Foru Aldundiaren helburua herritarrei omenaldian parte hartzeko aukera eskaintzea da, eta horregatik, gonbidapenak online zein telefonoz eskatzeko aukera dago. Pandemiaren ondorioz, aretoaren edukiera mugatua izango da, eta beraz, bizkor ibiltzea komeni da.

Ekitaldi sorta

Ni naiz Lete dokumentalaren estreinaldia, dena den, ez da kulturgilea omentzeko prestatu duten ekitaldi bakarra. Izan ere, hamar saiakera labur eta hamar hurbilketa biltzen dituen Urrats urratuak, Xabier Lete gogoan liburua ere argitaratu du Kultura departamentuak, Arantxa Urretabizkaiaren, Anjel Lertxundiren, Juan Kruz Igerabideren, Lourdes Otaegiren, Itxaro Bordaren, Inazio Mujika Iraolaren, Jon Gerediagaren, Jon Martinen, Alex Gurrutxagaren eta Ainhoa Urienen lanekin.

Eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, Xabier Lete: gezur eta egia gurea emanaldia ere prestatu dute. Frantxis Lopez Landatxek idatzi du gidoia, eta ikuskizunean Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleek eta Antton Valverde musikariak hartuko dute parte, baita kantariarekin aritutako musikariek ere: Karlos Gimenez, Iñaki Salvador, Sorkunde Idigoras, Fredi Pelaez, Joana Ortega, Txema Garces, Pascal Gaigne, Pello Ramirez eta Jabier Muguruzak. Ikuskizuna urrian zen estrenatzekoa, baina pandemiaren eraginez bertan behera geratu zen.

0