Zuzendaria: Mireia Gabilondo
Urtea: 2020
Herrialdea: Euskal Herria

Aretoetara ailegatu eta hiru astetara hurbildu naiz, azkenean, Erlauntza (2020) filma ikustera, eta sorpresa atsegin galanta hartu dudala aitortu beharra daukat. Mireia Gabilondok (Amaren eskuak, 2013) zuzendu duen bigarren filma da hau, umore garratzez betetako komedia arina.

Antzerkiaren munduan dagoeneko harrera paregabea jaso eta gero, Gabilondok zinemara ekarri du Kepa Errastiren izen bereko obra. Hamalau egun baino ez zituen iraun grabaketak, nahikoa, dirudienez, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak filmatzeko. Mireia Gabilondok berak azaltzen duenez, filmatze prozesuaren azkartasuna zinta osoa espazio bakar batean garatzeari zor zaio, bai eta antzerki obra originaleko aktoreak mantendu izanari. Igarri egiten da, zalantzarik gabe, pertsonaiak guztiz barneratuta dituztela.

Zeruko plano batek irekitzen du filma eta lekua definitu egiten du. Paisaia ederra, mendi eta soroz inguratutakoa. Poliki-poliki hurbilduz goaz mikrokosmos txiki zorora, oholtza lanak beteko dituen landa-etxera. Han bildu dira asteburu-pasa, betiko kuadrillako sei lagunak, Leireren ezkondu aurreko festaren aitzakiaz.

Alkohola gora eta kokaina behera, hogeita hamabost urtetan zehar metatutako irain eta drama guztiek eztanda egingo dute atmosfera gero eta itogarriagoan. Kuadrilla arteko betiko giroa, algarak, dantzak eta pare bat edo bi labankada! Izan ere, erlauntza honetan sei erle-erregina daude, eta haietako bakoitzak bere burrunba berezia baino ez du entzuten.

Azpimarratu beharreko elementu nagusia, ezbairik gabe, sei protagonisten antzezlan zoragarriak dira: Aitziber Garmendia, Sara Cózar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruizenak, hain zuzen ere. Mugimendu eta keinu bakoitzean, ukaezina da haien arteko kimika. Distira egiten dute seiek, kasu honetan, Aitziber Garmendiaren paperak pisu handiagoa hartzen badu ere.

Erritmo bizi tentsioduna da nagusi, Gabilondok moldatutako gidoi entretenigarriak ondo bideratzen duena; noka ederrean, gainera. David Bernuesek eta Xabier Lozanok darabilten kamera naturaltasun osoz mugitzen da landa-etxeko beheko solairutik, espazio murriztuak eskaintzeko dituen aukera guztiak baliatuz eta irudi klaustrofobikoak baztertuz.

“Emakumeen arteko laguntasunaren gorespena” bezala izan da definitua Erlauntza. Nik, ordea, ez nuke hainbesterik esango. Emakumeen artekoa bai, tira; laguntasunaz ere hitz egiten da, ados; filmaren doinua, hala ere, guztiz sarkastikoa eta aldrebestua da: hasten den bezalaxe amaitzen da filma, denak lasai-lasai dantzan, hurrengo elkarretaratzeari begira, akaso, dagoeneko aiztoak eta mingainak zorrozten.

Erlauntzak kolokan jartzen du kuadrillaren instituzio sakratua, laguntasunaren errepresentazio gorena, eztandarazi ezin daitekeen azken gotorlekua. Aukera ere bada filma, beren senetik aterata dauden emakume horien eta gure bizitzen arteko berdintasunak aurkitzeko. Horren guztiaren gainetik, ordea, Erlauntza istorio zoro dibertigarria da, gutxirekin emaitza zinez aparta lortzen duena.