Zinema aretoak garai berezia bizitzen ari dira, eta hainbatek aldi baterako ixteko erabakia hartu badute ere, beste batzuek eraberritzearen eta eskaintza zabaltzearen alde egin dute, hala nola, Bilbon, Iruñean eta Madrilen zinemak dituen Golem kateak. Hala, Datorren zinema ekimena jarri dute abian, eta astebetean, Berlinen, Venezian, Toronton eta Donostian saritu dituzten filmak emango dituzte, 6 euroan.

Zinema aretoen magia bizirik mantentzea eta egile-zinema onenaren talentua herritarrengana hurbiltzea ditu jomugan Golem zinema-kateak antolatutako Datorren zinema zikloak. Iruñeko, Donostiako eta Madrilgo aretoetan, zazpi egunez, Berlingo, Veneziako, Torontoko eta Donostiako zinema jaialdietan 2020an saritu dituzten zazpi proiektu ikusaraziko dituzte, egile-zinema ikus-entzuleei helarazteko asmoz.

Frantziatik (bi lan), Erresuma Batutik, Danimarkatik, Irlandatik, Txekiar Errepublikatik eta Italiatik heldutako proposamenak dira, dramak zein komedia klasikoagoak. Eta bada dokumental bat ere. Lanok jatorrizko bertsioan eskainiko dituzte, gaztelaniazko azpidatziekin. Sarrerak 6 euroan eskura daitezke, baita online ere, Golem zinemen atariaren bidez.

Iruñeko Golem Baiona zinemetan iragan astelehenean hasi zituzten proiekzioak, igandera arte, eta Bilboko Alhondiga zinemetan gaur, azaroak 25, egingo dute lehen emanaldia. Ondorengoa da filmen programazioa:

Effacer l’historique – IRUÑEAN eta BILBON. Asteazkenean, azaroak 25, 19:00etan.

Benoît Delépine eta Gustave Kervern sortzaileen komedia erromantiko frantziarrak Urrezko Hartza eskuratu zuen Berlinen. Sare sozialekin, internetarekin eta telebistarekin arazoak dituzten aldirietako hiru bizilagunek enpresa teknologiko erraldoien aurka egingo dute konponbidea bilatzeko.

https://youtu.be/uPo6zRtdgGY

 

Druk – IRUÑEAN eta BILBON. Ostegunean, azaroak 26, 19:00etan.

Thomas Vinterbergek zuzendutako film danimarkarrak kritikaren Feroz saria jaso zuen, besteak beste, Donostia Zinemaldian, eta Londresko Zinema Jaialdian film onenaren garaikurra erdietsi zuen. Esperimentu soziologiko bat egingo duten lau irakasleren pasadizoak kontatuko ditu, izan ere, gorputzean alkohol tasa egonkor mantentzen ahaleginduko dira, beren bizitzako alderdi ezberdinetan hobetzeko gaitasuna dutela frogatzeko.

 

Charlatán – IRUÑEAN eta BILBON. Ostiralean, azaroak 27, 19:00etan.

Agnieszka Holland zinemagile txekiarra Zinema Europarraren Sarietan hautagaia da, zuzendari onenaren kategorian. 50eko hamarkadan girotutako filmak ez ohiko gaitasunak dituen gizon baten historia pantailaratuko du.

 

Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan – IRUÑEAN eta BILBON. Larunbatean, azaroak 28, 18:30ean.

Epaimahaiaren sari berezia jaso zuen Julien Templeren dokumentalak aurtengo Donostia Zinemaldian. Johnny Depp aktoreak ekoitzitako lanak The Pogues taldeko abeslari eta konposatzaile Shane MacGowan poeta punk irlandarraren biografia errepasatuko du, artxiboko irudien zein MacGowanen senideen adierazpenen bidez.

 

Martin Eden – IRUÑEAN eta BILBON. Igandean, azaroak 29, 18:30ean.

Veneziako eta Sevillako zinema jaialdietan saritu zuten iaz Peitro Marcello italiarraren drama. Martin Eden izeneko marinel gaztearen bizitza du oinarri. Arthur Morse izeneko klase altuko gaztea salbatuko du, eta ordainetan, bere etxera gonbidatuko du Martin. Honek, idazle izateko ametsa betetzeko baliatuko du bizimodu berria.

 

Les parfums – BILBON. Astelehenean, azaroak 30, 19:00etan.

Grégory Magne zinemagile frantziarraren komedia dramatikoak lurrinen munduko izarraren Anne Walbergen abenturen jarraipena egingo du. Emakume berekoia da, diva baten modura bizi baita lurrinak sortu eta enpresei saltzen. Aurre egiten dion bakarra Guillaume txoferra da, eta bien artean harreman dibertigarri eta zentzugabea sortuko da.

 

The Father – BILBON. Asteartean, abenduak 1, 19:00etan.

Anthony Hopkins eta Olivia Colman protagonista dituen film britainiarrak ikusleen saria lortu zuen Donostia Zinemaldian. Florian Zellerrek zuzendu eta idatzi du familiari, zahartzaroari eta gaitzari buruzko drama, Christopher Hamptonen laguntzarekin. Errealitatetik gero eta urrunago dagoen Anthony aitaren eta Anne alabaren harreman du aztergai lanak.