Zinema aretoak garai latza bizitzen ari dira Covid19-ari aurre egiteko osasun-neurrien ondorioz. Nazioarteko film askoren estreinaldiak atzeratu egin dituzte eta ikusle gutxiago hurbiltzen da aretoetara beldurraren eta mugikortasun-mugen eraginez. Hala, zenbait zinema areto itxi egin dituzte aldi baterako.
Asteartean iragarri zuen Donostiako SADE sareak Antigua Berri zinema aretoak denboraldi baterako itxiko zituztela, eta joan zen astean Iruñeko Itaroa merkataritza zentroko Yelmo zinemak izan ziren erabaki beraren berri eman zutenak. Edukiera % 50era murriztea, aretoa 21:00etan itxi beharra, edari eta jakiak kontsumitzeko debekua, estreinaldien % 70en deuseztapena, eta inguruko ostalaritzaren itxiera dira, besteak beste, itxierari bide eman dioten arrazoiak, arduradunen hitzetan.
Mundu osoko zinema aretoen joeraren bi adibide baino ez dira, azken hiletan, orain urtebete ezinezkoa zirudien paradoxa errepikatu baita han eta hemen: ikusleek zinemara joan nahi dute, baina ez dago bertan kontsumitzeko produktu berririk. Izan ere, Hollywoodeko blockbusteren estreinaldiak 2021era atzeratu izanak, eta horrek eragindako AEBko eta Erresuma Batuko zinema aretoen kate garrantzitsuenen itxierak, oihartzuna izan du Europan.
Eragina, baina, ezberdina izan da herrialdeen artean, eta horretan zerikusi handia izan du zinema independentearen kuotak. Esaterako, Frantzian kuota hori handiagoa da, eta beraz, pandemiak aretoei kalte egin badie ere, egoera ez da hain dramatikoa. Aldiz, udan estreinatu ziren Santiago Seguraren Padre no hay más que uno 2 komedia espainiarrak eta Christopher Nolanen Tenet zientzia fikziozko thrillerrak ikusle andana erakarri zituzten; horregatik, aretoetako arduradunek uste dute, oro har, ikusleek konfiantza dutela jarraitutako garbiketa protokoloetan, eta ez direla kutsatzeen beldur.
Gutxi dira azken asteetan filmak estreinatzen dituzten ekoizle eta banatzaileak, azken finean, urteetako lana publikoaren aurrean jartzeko unea iritsita, testuingurua aldekoagoa izatea gustatuko litzaiekelako. Eta ez da harritzekoa! Baina aretoek ez dute itxaropena galdu eta 2021a urte oparoa izango delakoan daude, pilatutako estreinaldiek argia ikusiko dutelako. Ea herritarrek neurri berean erantzuten duten!