Iragan azaroaren 13tik 15era egin zuten Euskaltzaleen Topaguneak, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren testuinguruan, antolatutako Kameratoia film laburren rallyaren 16. edizioa, eta parte hartzaileek osatutako lanak jaialdiaren atarian zintzilik dituzue jada, botoa jasotzeko prest. 26 dira guztira, eta gaur, azaroak 19, da boza emateko azken eguna.
36 ordu izan zituzten parte hartzaileek antolatzaileek ezarritako gai eta ezaugarridun filmen ideia lantzeko, gidoia idazteko, grabaketa egiteko eta materiala muntatu ostean, azken emaitza entregatzeko. Azaroaren 13tik 15era bitarteko asteburua baliatu zuten horretarako, eta astelehenaz geroztik, hilak 16, lan guztiak Euskal Zine Bileraren atarian daude ikusgai.
26 dira, lau minutura arteko iraupena dute, eta boza ematerako orduan, 1etik 5era arte puntuatu daitezke, beti ere, atarian erregistratuta, pertsona bakoitzak behin egin ahal izan dezan. Haietako askoren estetika, gidoia eta muntaketa benetan deigarriak dira, eta 100 euroko Publikoaren Saria jasotzeko dohainak dituzte, zalantzarik gabe. Era berean, Izibene Oñederra animaziogileak eta Aitor Arregi gidoilari eta zuzendariak osatutako epaimahaiak 1.000 euroko eta 600 euroko bi sari banatuko ditu.
Ondorengoak dira 26 parte hartzaileak:
- 00:00, Txistana taldearena
- A.H.E.L, LA Zinema taldearena
- Agur, Spookypheria Productions taldearena
- Amonaren desioa, Ekialdea taldearena
- Arnastu, Krispeta artean taldearena
- Arrantzan, Bostak taldearena
- Barikua eta 13, Moz-Two taldearena
- Birbobinatu, Komunika ezazu taldearena
- Bizkaiko Hitzak, Askatasuna taldearena
- Denboraren kapsula, Menditxiki taldearena
- Elkar2zitza, Monk taldearena
- Iraganeko altxorra, Bixamona taldearena
- ItsasoKuak, Marilyn taldearena
- Kantu amaiezina, Quemasda taldearena
- Koiu!, Mirua Films taldearena
- Konponketa, Zurbaboys taldearena
- Lux Ainterna, Campamento Krusty taldearena
- Memorian galdua, Kostako Films taldearena
- Mixi mixi, Lekuko taldearena
- Norbait bestaldean, Balea taldearena
- Pepinotxoak, Okum Produkzioak taldearena
- Plastikozko haginak, ND3 taldearena
- Potro Jorran, Bilbo House taldearena
- Sorgin gurpila, IMOJI taldearena
- Tentuz, Emeki Films taldearena
- Zearaize, L’escletxa taldearena
Deialdi berezia izan da aurtengoa, pandemiaren eraginez, taldeek ez dutelako fisikoki Lekeitiora joan behar izan, eta talde bakoitzak bere herrian osatu du filma. Entrega ere online egin dute. Sartu lanez gozatzera, eta eman botoa!