Iragan ostiraletik Bilbon egiten ari diren ZINEBI Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian Ana Murugarren zinemagilea eta María Eugenia Salaverri gidoilari eta ekoizlea sarituko dituzte Ohorezko Mikeldia garaikurrekin, eta gaur, azaroak 18, bi sortzaileen lanak proiektatuko dituzte Arte Ederren Museoan.

Jean-Pierre eta Luc Dardenne zinemagile belgikarrekin batera, Ana Murugarren zuzendari nafarrak eta Maria Eugenia Salaverri gidoigile eta ekoizle bizkaitarrak jasoko dute aurten ZINEBI jaialdiaren Ohorezko Mikeldia. Ibilbide oparoko emakumezkoak biak, urteetako lana omentzeko helburua du garaikurrak, eta bertako profesionalen esfortzua errekonozitzea. 80ko eta 90eko hamarkadetan, ikus-entzunezko sektorean emakumezkoen papera oso murritza zen garaian, eman zituzten lehen urratsak, eta goitik behera maskulinizatutako industrian andrazkoen papera aldarrikatu zuten.

Murugarrenen kasuan, Tu novia está loca (Enrique Urbizu, 1988), Mamá (Pablo Berger, 1988) eta Todo por la pasta (1991) bezalako proiektuetan hartu zuen parte zuzendari laguntzaile modura, eta 1991n, Joaquín Trincadorekin batera montatu zuen Sálvate si puedes. 2005ean egin zuen jauzia zuzendaritzara, Esta no es la vida privada de Javier Krahe dokumentalarekin, eta fikzioan Tres mentiras (2014) eta La higuera de los bastardos (2017) gidatu zituen.

Salaverrik, bere aldetik, gidoigintzan eta ekoizpenean jardun du azken hiru hamarkadetan. Javier Rebolloren alboan estreinatu zen zinemagintzan, Calor… y celos (1996) filmaren ekoizle eta gidoilari modura, eta Marujas Asesinas (2001), Locos por el sexo (2006) eta Txarriboda (Alvar Gordejuelarekin batera, 2015) idatzi zituen ondorengo urteetan. Telebistarako El extraño anfitrión (2012) eta Alaba zintzoa (2013) filmak ekoitzi zituen, eta hainbat hedabiderekin kolaboratzen du.

Filmen emanaldiak

Bada, Ohorezko Mikeldi sari horien harira, proiekzio bereziak egingo dituzte gaur, azaroak 18, Bilboko Arte Ederren Museoan. 17:00etan Esta no es la vida privada de Javier Krahe eskainiko dute, Murugarrenek eta Trincadok zuzendutakoa, eta 19:00etan, aldiz, Salaverrik idatzitako eta Rebollok zuzendutako De los ojos adentro.